Ingalaterran kendu egin dituzte pandemiari aurre egiteko neurriak

Askatasunaren eguna deitu diote gaurkoari. Oraindik egunean 50.000 kasu inguru atzematen ari dira, eta, besteak beste, Boris Johnson lehen ministroa konfinatuta dago.

Gizon bat Londresen, gaur, pandemiaren aurkako neurririk gabeko lehen egunean. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko uztailaren 19a
12:25
Entzun

Askatasunaren eguna deitu diotena ospatzen ari dira gaur Ingalaterran. Gobernuak indargabetu egin ditu pandemia dela-eta ezarri zituen debeku guztiak, eta, aurrerantzean, maskara erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango, ezta leku itxietan ere —leku batzuetan hura erabiltzen jarraitzeko gomendioa egin dute agintariek—. Eskozian neurri batzuk kendu dituzte gaur, baina ez guztiak, eta Ipar Irlandan uztailaren 26an kenduko dituzte.

Erabaki horiek ikusita, pentsa liteke Erresuma Batuan jada ez dagoela COVID-19aren zantzurik, baina ez da hala, inondik inora ere: egunero, batez beste, 50.000 kasu inguru atzematen dituzte osasun zerbitzuek. Herritar helduen %68, ordea, txertatuta daude jada, eta gobernuak dio horri esker birusak sortzen dituen gaixotasun larriak eta heriotzak oso urriak izango direla aurrerantzean.

Kasualitatez, Erresuma Batuko gobernuko hainbat agintari konfinatuta daude egunotan: besteak beste, Boris Johnson lehen ministroa. COVID-19a atzeman zioten Sajid Javid Osasun ministroari, eta Johnsonek eta Rishi Sunak Ekonomia ministroak harreman zuzena izan zuten harekin.

Lehen ministroak bideo bat argitaratu zuen atzo arratsaldean, herritarrei eskatuz oraindik ere «zentzuz» ibiltzeko. Hartutako erabakia defendatu zuen: «Pauso hori ez badugu orain ematen, noiz emango dugu?». Izan ere, Johnsonen arabera, erabakia udazkenean edo neguan hartuz gero birusak eguraldia bere alde izango luke.

Diskotekak, zabalik

Azken datu ofizialen arabera, atzo 48.161 positibo atzeman zituzten Erresuma Batuan, eta 25 lagun hil ziren birusarekin. Hori ikusita, hainbat zientzialarik gaitzetsi egin dute neurriak kentzeko; adituen ustez, uda amaierarako egunean 200.000 kasu atzemango dira herrialdean. Besteak beste, mundu osoko 1.200 zientzialarik gutun bat argitaratu zuten The Lancet aldizkarian Johnsoni neurriak ez kentzeko eskatuz.

Askatasunaren eguneko irudi deigarrietako bat, ordea, beste bat izan da: aurrerantzean ez denez leku itxietan nahi adina jende elkartzeko mugarik izango, gaueko aisialdia ere itzuli da Ingalaterrara. Diskotekek eta gaueko tabernek hamasei hilabete egin dituzte itxita.

Legedi berriak atzerrira bidaiatzen ari diren herritarrei ere egingo die mesede. Izan ere, gaur arte, atzerritik Erresuma Batura itzultzean derrigorrezkoa zen hamar eguneko itxialdi bat igarotzea, baina aurrerantzean ez da beharrezkoa izango txertaketa osoa egin dutenentzat. Salbuespena dira Frantziatik Erresuma Batura itzuli behar duten bidaiariak: haiek itxialdia egin beharko dute oraindik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.