Gaur jakin diren inkesten lehen datuen arabera, Fine Gael oposizioko alderdi kontserbadoreak irabazi ditu Irlandako hauteskundeak. Datu horien eskuetan, hala ere, botoen %36,1 eskuratu ditu alderdi horrek eta ez luke gehiengo osoa lortuko. Hala ere, 1997tik gobernuan dagoen alderdiari, Fianna Fail-i, boterea kenduko lioke.
Brian Cowen lehen ministroaren alderdia zapuztu egin da, eta bere historiako datu txarrenak lortu ditu, botoen %15,6. Datu horiekin hirugarren alderdia izatera pasako litzateke Fianna Fail. Kontserbadoreekin batera, Alderdi Laborista ere garaile atera da, eta botoen %20,5 jasoz, bigarren alderdi bilakatuko litzateke Irlandan. Gainera, Dublingo barrutian irabazle izango litzateke.
Lehen datu horien arabera, krisiaren kudeaketa lehenetsi dute irlandarrek hauteskundeetan. Europan krisia gehien jasan duen herrialdeetako bat da Irlanda, eta urte hasieran Europako Batasunaren laguntza jaso behar izan zuen, horretarako gizarte laguntzetan murrizketa handiak eginez. Inkestetako datuak berresten badira, irlandarrek gogor zigortu dute gobernuan zegoen alderdia eta bere kudeaketa.
Atzo egin ziren hauteskundeak Irlandan, eta gauean zenbaketa eten ondoren gaur goizean hasi dira zeregin horretan. Fine Gael alderdiko bozeramaileetako batek esan du laboristekin akordio batera iristeko prest daudela.