Inoizko azalerarik txikiena izango du Artikoak datozen asteetan

Azken neurketetan, izotz geruza urteotako batez bestekoa baino %30 txikiagoa izan da

arantxa iraola
2007ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Uda orotan bezala urtzen ari da aurten ere Artikoko izotz geruza, eta, datozen asteetan, inoizko azalerarik txikiena izango duela aurreikusten dute ikertzaileek. Abuztuaren 8an egindako neurketen arabera, izotz geruza iragan urteetako batez bestekoa baino %30 txikiagoa da. Irailaren erdialdera arte urtzen jarraituko duenez, egin dituzten kalkuluen arabera, aurten marka guztiak puskatuko dira.

«Aldaketa oso handiren batek gertatu beharko luke hori saihesteko; bat-batean aro oso hotza izan beharko genuke», adierazi du NSIDC AEBetako ikerketa zentroko zientzialari Mark Serrezek.Eta, itxura guztien arabera, urtez urte fenomeno hori eta antzekoak errepikatuko dira. Epe luzerako egindako aurreikuspenen arabera, 2040. urtean udetan izotzik ez da izango Artikoan.

Eguzki izpiek izotzean jo ordez itsasoan jotzen duten heinean, itsasoa epeltzen ari da, eta izotz geruzaren azalera txikitu ahala, fenomeno hori gero eta nabarmenagoa izango da. Artikoko ekosistemak, horren ondorioz, desoreka daitezkeela pentsatzen dute adituek. Izotz geruzaren azalera txikitzeak, batez ere, hartz zuriengan izan dezakeen eraginak kezkatzen ditu. Geruzaz geruza ibiltzen dira jateko bila, eta guztiz hauts daiteke beren parajea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.