Balkanetako gerra hasi zeneko mailara iritsi da herrialde industrializatuetan asiloa eskatu duten iheslarien kopurua. Iaz, izan ere, aurreko urtean baino 270.000 gehiago izan ziren munduko 44 herrialde industrializatutan babesa eskatu zuten herritarrak, Siriako eta Irakeko gerratik ihesi nagusiki. Guztira 866.000 asilo eskari baino gehiago izan ziren, UNHCR Iheslarientzako NBEren Goi Mandatariak Asilo joerak 2014 txostenean jaso duenez: aurreko urtean baino %45 gehiago. 1992. urtetik ez zen halako kopuru handirik izan.
Asiloa eskatu duten herritarren jatorriari erreparatuta, siriarrak dira, alde handiz, ugarienak: ia 150.000. Ia hirukoiztu egin dute aurreko urteko kopurua, eta eskatzaile guztien artean praktikan bostetik bat Siriatik datoz (%17,8). UNHCRko arduradunek nabarmendu dutenez, gerra lau urte baino gehiago luzatzeak ikusarazi die siriarrei egoera ez dela aldi labur baterakoa, eta inguruko herrialdeetako kanpalekuetan egon diren herritar askok beste irtenbide bat bilatu zuten iaz, herrialde industrializatuetara jota.
Irak eta Afganistango iheslarien kasua, maila apalagoan izan arren, siriarren antzekoa da, eta bi herrialdeek %84 eta %65eko gorakada izan zuten hurrenez hurren asilo eskaeretan. Horien atzetik, Serbia eta Kosovotik iaz Europako Batasunera babes eske jo zuten iheslarien kopurua nabarmentzekoa da. Bruselarekin bisei buruzko araudia hitzartu ez izanak eragin du kosovoarren migrazio masiboa.
Aparteko atal bat merezi du Ukrainako kasuak, eta txostenean bertan ere Errusia ez da ageri bost herrialde hartzaile nagusien artean —arrazoi metodologikoak argudiatu ditu UNHCRk—, nahiz eta iaz aldi baterako 265.400 asilo eskaera jaso zituen, 5.800 ukrainarren babes eskeez gain.
Txostenean ageri diren 44 herrien artean, Ukrainako 15.700 asilo eskaera jaso zituzten iaz. Eta, Errusiak jasotakoak aintzat hartu gabe ere, 2013an baino hamar aldiz gehiago dira: %998ko igoera.
Alemania, jomuga nagusia
Herrialde hartzaileei dagokienez, Alemaniak jaso du asilo eskaera gehien —173.000—, AEBen gainetik. Alemaniara babes eske jo dutenen artean, laurdenak siriarrak dira. AEBetara, berriz, Mexikotik eta Erdialdeko Amerikatik iritsi dira asilo eskaera gehien.
Turkiak, gatazka eremuen mugan baitago —2014 erdialdean jada 1,5 milioi iheslari bazituen—, asilo eskaera ugari jasotzen jarraitu du, bereziki irakiarrenak. Eta aipamen berezia merezi du Suediak, sailkapenean laugarren baitago; baina herrialde bakoitzak dituen herritarrak aintzat hartuta, beste inork baino eskaera gehiago jasotzen ditu: 1.000 biztanleko 24,4.
Datu horiek guztiak, egindako asilo eskaerei dagozkie. Oraindik ez baitauzkate prest onartutako eskaerei buruzko datuak. Siriarren artean %85 inguru onartzen dituztela esan zuen atzo Melissa Fleming UNHCRko eledunak. Baina 2013ko datu orokorrak ez du halako eskuzabaltasunik erakusten: duela bi urte, asilo eskaeren %40 baino ez zituzten onartu herrialde industrializatuek.
Inon nahi ez dituzten horiek
Asilo eskaerak %45 gehitu dira herri industrializatuetan.Azken 22 urteetako kopuru handiena da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu