Europe1 irratiak jakinarazi duenez, Frantziako Poliziak hartu du kasua ikertzeko ardura, Hongweiren sendia Lyonen baitago, eta han paratu duelako salaketa. Hongwei Txinakoa da, eta jaioterrira bidaiatu zuen Frantziatik. Hori da sendiak hari buruz duen azken informazioa.
Txinako Segurtasun idazkariordea zen Hongwei, 2016an Interpoleko presidente aukeratu zuten arte. Interpol 192 herrialdek osatzen dute, eta herrialde horietako Polizia indarrak koordinatzen ditu. Interpoleko jarduera operatiboaz idazkari nagusia arduratzen da —Jurgen Stock alemaniarra da hori—, eta presidentearen eginkizuna da kide diren herrialdeek ezarritako irizpideak betetzen direla ziurtatzea eta idazkari nagusiaren jarduna gainbegiratzea. Interpoleko 192 kideek Batzar orokorrean aukeratzen dute presidentea.
Txinako egunkari batek argitaratu du herrialde horretako agintariek atxikita daukatela, nahiz eta ez dagoen argi "ez zein tokitan, ez zein arrazoirengatik". Hong Kongeko South China Morning Post egunkaria da hori, Txinako Alderdi Komunistarekin hagitz kritikoa dena. Iturri anonimo bat aipatu du egunkariak.
Interpoleko Idazkaritza Orokorrak adierazi du desagerpena "Frantziako eta Txinako agintarien arteko auzi bat" dela, eta ez duela deus gehiago errateko.