Inuiten alderdia da Groenlandiako gaurko bozak irabazteko faborito

Inuit Ataqatigiitek 30 urtean agintean egon diren sozialdemokratei aurrea hartuko dietela iragarri dute inkestek

2009ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Iragarpenek huts egiten ez badute, inuiten alderdiak sozialdemokratei kenduko die Groenlandiako agintea. Haien eskuetan egon da gobernua azken 30 urteetan, munduko irlarik handienak 1979an autonomia estatutua berretsi zuenetik. Gaur egitekoak diren Legebiltzarrerako bozetan, baina, Inuit Ataqatigiitek (Inuit Komunitatea) botoen %44 eskuratuko dituela aurreratu dute inkestek.

Hala balitz, ezkerreko alderdi horren eskuetan geratuko litzateke Groenlandia burujabeago baten gidaritza. Izan ere, iazko azaroaren 27an independentziari ateak zabaldu zizkioten groenlandiarren %75ek; autonomia estatutua erreformatzearen alde egin zuten, alegia. Danimarkaren menpe jarraituko badu ere, horri eske uhartean groenlandiera izango da hizkuntza ofiziala,eta Polizia, justizia, mugako kontrolak, aire garraioa eta espetxeetako politika Nuuken - Ghodtab hiriburuaren izena, inuiteraz- eskumenak izango dira. Bide beretik, natur baliabideetatik lortutako irabaziak 56.000 biztanleko irlan geratuko lirateke. Ekainaren 21ean jarriko da indarrean estatutu berria.

Legebiltzarra egun

Egun Inuit Ataqatigiit bigarren indarra da Groenlandiako Parlamentuan. Zazpi eserleku ditu, Demokraatit (Demokratak) alderdiak bezainbeste. Siumut (Aurrerantz) alderdi sozialdemokratak botoen %30,7 eskuratu zituen 2005eko hauteskundeetan, eta, ondorioz, 31 legebiltzarkideetatik hamar dira talde horretakoak. Siumutek koalizio gobernua osatu zuen Atassut (Komunitate Sentipena) alderdi eskuindarrarekin, eta bien artean hamazazpi eserleku dituzte, beraz.

Panorama hori aldatzear da, itxura guztien arabera. Hautagaien arteko azken eztabaida publikoan, alderdi guztietako buruek aitortu zuten Inuit Ataqatigii alderdia dela faborito. Irabaziz gero, gizarte arazoak izango dituzte lehentasun, Kuupik Kleist liderraren arabera: «Suizidio tasaz eta alkoholismoaz arduratu behar dugu». Uhartearen ekialdeko egoerak okerrera egin du azken urteetan. Ugaritu egin dira sexu gehiegikerien inguruko salaketak, alkoholismo kasuak eta beren buruaz beste egin dutenak. Duela bi urte 58 lagunek hil zuten beren burua, 15 eta 16 urte bitarteko neskak horietatik %20. Hori guztia langabeziari zor zaio, adituen arabera. Izan ere, Groenlandiaren mendebaldea ari da ekonomikoki garatzen; ekialdean, aldiz, nerabeen %70ek ez dituzte oinarrizko ikasketak amaitzen.

Bestalde, koalizio zabala osatzeko prest agertu da Kleist. Aurreikuspenak aldeko baditu ere, inkestek plazaratu dituzten zifrek ez liokete ahalbideratuko bakarka agintzea.

Koalizioa dena delakoa ere, ez dirudi Siumutek tarterik izango duenik. Izan ere, kanpainan izen ona galdu du. Ustelkeria leporatu diote alderdi horretako hainbat politikariri. Diru publikoa bidaiatzeko, afaritarako eta parrandarako erabili izana leporatuta, lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten Etxebizitza ministroari, Jens Napaatooqi. Barne zatiketak ere ez die sozialdemokratei mesederik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.