Gertakari garrantzitsuzko egunak dituzte aitzinetik Ipar Korean. Hango agintariek iragarri dutenez, Unha-3 misilaren jaurtiketa prest dute, eta bihartik igandera bitarteko egunen batean botako dute, nazioartean gaitzespen handia jaso duen arren. Horrez gain, gaur ezohikoa kongresua eginen du Langileen Alderdiak, Ipar Koreako alderdi bakarrak. Itxura guztien arabera, bertan bilduko diren ordezkariek Kim Jong-un estatuko buruzagia hautatuko dute alderdiko idazkari nagusi, Kim Jong-il aitarengandik jasotako botere ondorengotza sendotzeko. Eta hori guztia eginen dute Kim Il-sung Ipar Korearen sortzailearen jaiotzaren ehungarren urteurrena ospatzeko ekitaldiak martxan direla. Igandean beteko da urteurrena.
Ipar Koreako Espazio Teknologiaren Batzordeko ordezkariak atzerriko hedabideen aurrean agertu ziren atzo, Piongiangen. Ryu Gum Chol batzordeko zuzendariordeak herrialdeko agintariek aurrez emandako azalpenak berretsi ditu, Txinako Xinhua berri agentziaren arabera, hau da, Unha-3 misila jaurtitzeko helburua horri atxikitako satelite bat orbitan paratzea dela erran du. Ryuren arabera, helburua «baketsua» da, eta, satelitearen bidez, Ipar Koreako baliabide naturalei eta meteorologiari buruzko informazioa lortuko dute. Ryuk dioenez, jaurtiko duten misilak ez du misil balistikoen «erasorako ahalmenik». Xinhuak jakinarazi duenez, gaur atzerriko kazetariak Piongiangeko espazio kontrolerako gunera gonbidatuko dituzte.
Errusiak erreakzio irmoa
Nazioartetik, ordea, gaitzespen handia jaso du Ipar Korearen jaurtiketak, herrialde anitzen ustez entsegu militar bat egiteko jaurtiko baitu misila, eta ez helburu zientifikoekin. Gogorren mintzatu direnak Ipar Korearen etsai historikoak izan dira: Hego Korea, Japonia eta AEBak. Seulek erran du Piongiangek jaurtiketa eginez gero,nazioartearekin batera «erantzun gogorra» emanen diola. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak eta Yoshihiko Noda Japoniakoak ere «programa nuklearrak» eta «misil balistikoenak» bertan behera uzteko exijitu diote Ipar Koreari. Tokion elkartu dira bi gobernuburuak, arma garapenerako programa bat hitzartzeko.
Azken erreakzioetan adierazgarrienetakoa, ordea, Errusiarena izan da. Armadako buruzagi batek Interfax agentziari adierazi dionez, misila Errusiarantz desbideratzen bada armadak suntsitu eginen du. Gainera, Atzerri Ministerioko bozeramaile batek erran du Piongiangek jaurtiketa egiten badu NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren 1874 ebazpena urratuko duela. Misil balistikoekin probak ez egiteko exijitzen dio ebazpen horretan. Txinak bezain aliantza estua ez duen arren, Errusiak jarrera hurbila erakutsi izan du Ipar Korearekin.
Parlamentuaren bilkura etzi
Misilaren jaurtiketak nazioartean sortutako zalapartaren erdian, Kim Jong-unek bere boterea sendotzeko egun erabakigarriak izanen ditu. Gaur hasiko den Langileen Alderdiko kongresuaz gain, parlamentuak urteroko bilkura eginen du etzi. Bertan Kim Jong-un Defentsa Nazionalerako Batzordeko presidente hauta dezakete. Konstituzioaren 100. artikuluaren arabera, horrek herrialdeko «lider gorena» bilakatuko luke Kim Jong-un, eta, hala, aitaren maila eskuratuko luke. Iragan abenduaren 17an hil zen Kim Jong-il.
Ipar Korea misila jaurtitzeko prest dago, gaitzespen handia jaso arren
Langileen Alderdiak ezohiko kongresua eginen du gaur, Kim Jong-un idazkari nagusi hautatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu