Ameriketako Estatu Batuek eta Ipar Koreak akordio bat lortu dute, hark Macaoko bankuetan Piongiangeko gobernuari blokeatutako diru funtsak transferitzeko. Diru blokeoa zen Ipar Koreak -hitzartu bezala- desarme nuklearrari ekiteko oztopo nagusia. Hain justu, atzo berriz ekin zioten Ipar Korearen programa nuklearraren gaineko elkarrizketei. Seigarren txanda zuten Ipar Korea, Hego Korea, Txina, Japonia, Errusia eta AEBek, baina Piongiangen eta Tokioren arteko tentsioek bilkura elkarrizketa txandaren hasiera ilundu zuten.
Joan den otsailaren 13an lortutako akordioarekin, Jongbion hirian duen erreaktore nuklearra 60 egunen buruan eraistea onartu zuen Ipar Koreak, baina horri ekin aurretik diru funtsen blokeoa kentzeko exijitu zuen. Erreaktorea eraistearen truke, argindarra ekoizteko erregaia -petrolio astuna- eta laguntza ekonomikoak jasotzen hasiko zen Ipar Korea.
Washingtonek 19 hilabetez izoztutako diru funtsak transferitzea onartu ondoren, Ipar Koreak Macao hiriko BDA Asiako Deltaren Bankuan dituen funtsak Txinako Bankura bideratuko dituzte, Ipar Korearen kontu batera. 25 milioi dolarrekoa (19 milioi euro) da kopuru hori.
Zernahi modutan, Ipar Koreak agindu behar izan du diru hori hezkuntza zein giza laguntzako proiektuetan erabiliko duela, ez beste deusetan. AEBetako Altxorraren idazkariorde Daniel Glaserrek azaldu du bere gobernuak bermeak jaso dituela dirua horretara bideratuko dela ziurtatzeko. Funtsen blokeoari ekin ziotenean, Ipar Koreak diru hori «legez kanpoko» ekinbideetatik eskuratua eta «garbitua» zela salatu zuten AEBek. Diru horrekin bere programa nuklearra finantzatzen zuela ere salatu zuten. Piongiangek hori ukatu egin zuen.
Macaoko agintariek 2005eko irailean izoztu zituzten Ipar Koreako konpainiek hango BDA bankuan 50 kontutan zituzten 19 milioi euro.
Sei estatuen arteko harremanek nabarmen egin zuten okerrera iazko urrian, Ipar Koreak misil zein proba nuklear bana egin zituenean.
Joan den otsailaren 13an, Ipar Koreak Jongiongo erreaktorea ixtea onartu ondoren, bost lan talde eratu zituzten, sei aldeetako elkarrizketak garatzen laguntzeko. Lantaldeetako baten zeregina Ipar Korearen eta Japoniaren arteko harreman diplomatikoak hastea lortzea da. Azken talde hau duela bi aste bildu zen Hanoin, Vietnamgo hiriburuan, eta martxoaren 7ko bilerari muzin egin zion Ipar Koreako ordezkaritzak. Zehaztutako hitzordura ez zen agertu. Ondorioz bilerak bertan behera utzi zituzten.
IPAR KOREA ETA JAPONIA, TENTSIOAN. Piongiangen eta Tokioren arteko tentsioaren adierazgarri izan zen atzo Ipar Koreako ordezkari Kim Kye-gwanek eginiko oharkizuna. Seiko taldeak sinatutako akordioan Japoniak dagokion zatia bete ezean, hau elkarrizketetatik kanpo uzteko aukera aipatu zuen Kim Kye-gwanek.
Japonia elkarrizketetatik baztertuz gero, bost estatu geratuko lirateke dagoeneko lau urte irauten ari diren negoziazioetan. Gainera, Asiako ipar-ekialdean beste herrialdeen garapen ekonomikoa oztopa dezake erabaki hori gauzatzeak. Izan ere, AEBetako negoziazio taldeko buru Christopher Hillek nabarmendu du «irudikaezina» dela eskualde horretan estatu batek arrakasta izatea «Tokiorekin harreman onak ez baditu».
Ipar Korearen eta Japoniaren arteko harreman tirabiratsuek kezka eragin dute hala aditu horiengan nola Hillengan. Honek Ipar Koreari ohartarazi dio «Japoniarekiko harremanak hobetzeko eginahala» egin behar duela, negoziazio prozesuak oztopo gehiago izan ez ditzan.
Japoniak oraingoz uko egin dio Ipar Koreak desarme nuklearra gauzatzearen truke hitzartutako laguntzak emateari. Lehenik bi estatuon arteko hainbat auzi konpontzeko exijitzen du. Bereziki 1970eko eta 1980ko hamarkadan, espioitzarako erabiltzeko, Ipar Koreak bahitu zituen herritar japoniarren auzia konpontzea nahi du Tokiok. Ipar Koreak bere erantzukizuna onartu zuen, eta 2002an horietako bost japoniarri Japoniara itzultzea ahalbidetu zien.
Alabaina, gainerako bahituen inguruan -Tokioren arabera, 12- ezadostasunak dituzte bi aldeek. Piongiangek dio horietako batzuk ez zituztela bahitu, eta besteak errepide istripuetan edota gaitzek jota hil zirela. Tokiok, ordea, ez du uste hori behar bezala frogatuta dagoenik.
Japoniaren esanetan, gainera, Ipar Korearen programa nuklearrak eta honen irismen handiko misilak beretzat mehatxua dira.
Horiek horrela, eta dirua desblokeatuta, Kim Jong-ilen gobernuaren desarme nuklearraren gaineko elkarrizketak «hobeto» joango direla uste dute Hego Koreako adituek. AEBetako negoziazio burua ere iritzi berekoa da, eta atzoko bilera «hasiera ona» izan zela adierazi zuen.
Ipar Koreak desarmea has dezan, diru blokeoa kendu diote AEBek
Japoniaren eta Piongiangen arteko tirabirek ilundu dute auzi nuklearraz hasitako seigarren hizketa txanda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu