Mundua

Ipar Koreak irismen laburreko hainbat misil jaurti ditu

Erakustaldi militar hori egitearekin batera, desnuklearizazio prozesua geratzeko mehatxua egin die AEBei, haiek ezarritako baldintzak gehiegizkoak iritzita.

2008ko martxoaren 28a
14:31
Entzun
Irismen laburreko hainbat misil jaurti ditu gaur Ipar Koreak Itsaso Horian, bederatzi hilabetez misilik jaurtik gabe egon ondoren. Yonhap agentziaren arabera, hiru edo lau misil izan dira, eta 46 kilometro urrunera iritsi daitezke.

Ekintza hori atzo AEBk Ipar Korearen aurka eginiko adierazpenen ondoren gertatu da. AEBk uranioa aberasteko programarekin jarraitu izana leporatu zion Ipar Koreari. Gaur, ordea, Ipar Koreako Atzerri Ministerioko bozeramaile batek desnuklearizazioa oztopatzearen erantzule izatea egotzi dio AEBri.

Iaz Hego Koreak, AEBek, Japoniak, Errusiak eta Txinak hitzarmen bat sinatu zuten Ipar Korearekin desnuklearizazio prozesua abian jartzeko. Horren arabera, baliabide nuklearrak desegin, eta programa nuklear guztien aitorpena egitea onartu zuen Ipar Koreako Gobernuak.

Hala ere, pasa den abenduaren 31n amaitzen zitzaion epe hori Ipar Koreari, eta ez zuen, besteen arabera, bere hitza bete. Hori dela eta desnuklearizazioa burutzeko negoziazioak gelditu egin ziren. Hego Koreak ekaina baino lehen berrartu nahi ditu negoziazioak.

Bi Koreen arteko harremana ere hoztu egin da LeeMyung-bak Hego Koreako presidente aukeratu zutenetik. Atzo bertan Ipar Koreako “giza-eskubideen urratzeak” Nazio Batuen aurrean salatuko zituela iragarri zuen Hego Koreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.