Ipar Koreak onartu du misilaren jaurtiketa ez dela arrakastatsua izan

AEBek «probokazio ekintza» izan dela erran dute, eta otsailean hitzartutako elikagai laguntza ez ematea erabaki dute zigor gisaHego Korearen arabera, misila desegin egin da, eta zatiak Itsaso Horira erori dira

mikel rodriguez
2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Nazioartea zer gertatu zain eduki ondoren, Ipar Koreak atzo erabaki zuen misila jaurtitzea. Piongiangek berak onartu du jaurtiketa ez dela ongi atera, eta ezin izan duela Unha-3 misilari atxikitako satelitea orbitan paratu. Baina horrek ez ditu bere arerioen eta nazioarteko erakundeen kritikak eta gaitzespenak geldiarazi, izan ere, misilarekin entsegu militar bat egin nahi izatea egotzi diote. AEBek berehala erabaki dute otsailean hitzartutako elikagai laguntza ez helaraztea Ipar Koreari. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua ere atzo elkartu zen gai horren harira. Susan Rice AEBen ordezkari eta txandakako presidenteak jakinarazi zuen hamabortz kideek «deitoratzen» dutela jaurtiketa, baina ez zuen inongo erabakiren berririk eman. Edizio hau ixterakoan Segurtasun Kontseilua batzar batean bilduta zegoen oraindik.

Ipar Koreak KCTV estatuko telebistaren bidez onartu du misilak ez duela helburua bete, baina ez du xehetasunik eman. Inguruko herrialdeek, baina, ordu batzuk lehenago jakinarazia zuten jaurtiketaren emaitza. Hego Koreako iturri ofizialen arabera, minutu batzuetara desegin da misila 151 kilometroko garaieran, eta Itsaso Horira erori dira zatiak.

Espero bezala, erantzun gogorrena Piongiangen hiru etsai historikoek eman dute: Seulek, Tokiok eta Washingtonek. Etxe Zuriaren arabera Ipar Korea «gehiago bakartzen ari da horrelako probokazio ekintzekin». Estatu Departamentuko bozeramaile Mark Tonerrek erran du jaurtiketa «nahikoa arrazoi» dela elikagai laguntza ez emateko.Akordioaren arabera, programa nuklearra gelditzearen eta misilekin probak gibelatzearen truke, Ipar Koreak elikagaiak jasoko zituen. Yoshihiko Noda Japoniako lehen ministroak, berriz, «erabaki egokiak» hartzeko exijitu dio Segurtasun Kontseiluari. Hego Koreak iparraldeko bizilagunari egotzi dio misilarekin «baliabide ikaragarriak» xahutzea herritarren «beharrizan larriak» alde batera utzita.

Txinak, Ipar Korearen aliatu historikoak, «lasaitasuna» eskatu dio nazioarteari, eta Errusiak, herenegun jaurtiketa kritikatu arren, ez dagoela zigor gehiago ezartzearen alde jakinarazi du. 2006an eta 2009an egindako probengatik Segurtasun Kontseiluak zigorrak ezarri zizkion Piongiangi.

Ondorengotza ziurtatuta

Misilaren jaurtiketak nazioartean bigarren maila batean utzi du Kim Jong-unen ondorengotza prozesua. Herrialdeko «lider gorena» izendatu eta Kim Jong-il aitak zituen botereak eskuratzeko azken prozesua atzo bete baitzuen. Batzar Gorenak (parlamentuak) Defentsarako Batzorde Nazionalaren presidente izendatu zuen, Ipar Koreako erakunde boteretsuenaren buruzagitza hartuz. Ia bortz hilabete bete dira Kim Jong-il zendu zenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.