Kim Jong-il Ipar Koreako buruzagiaren oinordekoak, Kim Jong-namek, berriro haserretu du aita. Senidez senide igaro den dinastia komunistak ez du ondorengo naturalik izango hirugarren belaunaldian. Hori ez da albistea, dagoeneko jakina baita seme gazteenak, Kim Jong-unek eskuratuko duela boterea.Jong-namek, ordea, dinastiak «bost axola» diola esan du, «hirugarren belaunaldiaren oinordekotzaren kontra» dagoela. Ipar Koreako gobernuburu izateko «interesik inoiz ez» duela izan nabarmendu du Japoniako telebista batek egin dion elkarrizketan.
Ez baita Ipar Korean bizi seme desobeditzailea. Txinan, Pekinen eta Macaon egiten du bizitza, eta Txinako komunikabideetan pertsona ezaguna da, buruzagi komunistaren semeak egiten duen luxuzko bizitzarengatik. Aitak harremana 2001ean hautsi zuen erabat Japonian pasaporte faltsuarekin sartzen saiatu zenean, ustez Tokioko Disneyworldera zihoala. Txinako bost izarreko hoteletan, jatetxe onenetan eta kasinoetan egiten duela bizitza esaten dute.
Pyongyangen jaiotakoa (1971) Ipar Koreako buruzagi izateko prestatzen hasi ziren umetatik. Moskuko eta Suitzako eskola onenetan ikasi zuen, Segurtasun Publikoaren Ministerioan ere kargu garrantzitsua izan zuen, eta aitarekin Txinara bidaia ofizialak egiten hasi zenean oinordekoa zirudien, Tokioko atxiloketa gertatu arte. Nahikoa babes ez eramateagatik bi atentatu saiakera ere izan ditu, eta horrek ere urrundu du aitaren hasierako asmoetatik.
Orain, anaia gaztearen oinordekotzari buruz galdegin diotenean, bere aitak hartutako erabakia izan dela ziurtatu du, «bere erako tronua behar» duela, eta horregatik ezin zitekeela beste modu batera izan. Anaia«laguntzeko prest» dagoela esan du, ordea, «baina atzerritik».A.M.
Ipar Koreako ardi beltza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu