"Talka baterantz, noizbait"
Tobias Buck, Financial Times
"Hainbat urtetako kanpaina sutsuaren ondoren, ez zegoen garbi zenbat gehiago hazi ahal zen Kataluniako mugimendu independentista. Igandeko hauteskunde historikoak erakusten du mugimenduak hazten jarraitu duela, erritmo txikiagoan bada ere. Emaitza ofizialen arabera 1,952 milioi katalanek eman diote botoa independentziaren aldeko bi alderdiei […]. Iazko galdeketa informalean independentziaren aldekoak 1,897 milioi izan ziren. Hazkundea marginala da, eta iradokitzen du Katalunia Espainiatik banantzeko babesa azkenean goia jotzen ari dela.
Horrela ikusita, emaitza kezkagarria da independentziaren aldekoentzat, oraindik ez duelako erakutsi eskualdeko hauteslegoaren erdia baduela. Zer gehiago egin dezake artean konbentzitu ez dituenak erakartzeko? Baina igandeko emaitza ohartarazpen garbia da Madrilentzat ere: Espainiako Gobernuak urteak daramatza independentziaren kanpaina gutxiesten, edozein unetan hautsiko zen souffletzat jotzen. Hori ez da oraindik gertatu, eta ezerk ez du erakusten gertatuko denik. Badirudi bi aldeak borroka luze eta zail baterako prestatu beharko dutela, eta horretan irabaziak ez dira milietan neurtuko, hazbetetan baizik.
[…] Igandeko emaitzak ez dio Mas jaunari arrazoirik ematen [Katalunia Espainiatik banantzeko] plana alde batera uzteko, baina argi utzi dio arretaz ibili beharko duela. Oztopo bat CUPekiko menpekotasuna da. Bestea da independentistak ez zirela botoen %50era iritsi, eta hori sezesioari aurre egiteko argudio indartsua da Madrilen eta Bartzelonan dituzten aurkarientzat. Atsekabeturik egoteko arrazoia dute emaitzak Europari mezu argia bidali eta kanpoko bitartekaritza bultzatzea itxaroten zutenei. Gatazkaren dinamikan ez da funtsezko aldaketarik izango abenduan Espainiako hauteskunde orokorrak gertatu arte, azken horiek agian aldaketa ekarriko du Kataluniarekiko jarreran, edo agian ez.
"Negoziazioa premiazkoa da"
Editoriala Le Monde
[…] Hauteskundeak ez dio Artur Masi nahikoa legitimitatea ematen hemezortzi hilabete barru Katalunia Espainiatik irteera unilateral bat antolatzeko. Aitzitik, hauteskundeetako emaitzak aukera ematen diete independentistei aulkien gehiengoa lortzeko eta eskualdeko parlamentua kontrolatzeko. Indar erakustaldi bat da Madrilen aurrean, eta Mariano Rajoyren gobernu kontserbadoreak aintzat hartu beharko luke. Ez da jasangarria azken bi urteotan bezala hautsita izatea botere madrildarraren eta Bartzelonaren arteko elkarrizketa.
[…] PPk txalotu egin du “katalanen gehiengoak independentzia arbuiatu” duela. Baina, egiazki, ezin du jarraitu Kataluniako biztanleen erdiaren eskaerak ukatzen, eskualdea izanik Espainiaren aberastasunaren bosten bat sortzen duena. Kontraproduktiboa izan da Madrilek baliatu duen beldurraren diskurtsoa —Europako Batasunetik eta eurotik ateratzea, enpresak deslokalizatzea—. Mehatxu horiek ez dira nahikoak izan katalan independentisten bultzada geratzeko.
Independentistek, beren aldetik, ezin dituzte alde batera utzi Espainiako Konstituzioa eta sezesioaren bide-orria babestu ez dituzten katalanen %52. […] Katalunia bere historiaren aurka joango litzateke Espainiarekiko loturak hautsiko balitu. […] Autonomia gehiago nahi izatea —Eskozian bezala— legitimoa da, baina gehiago batu behar duen mundu batean edo Europan batean, estatuen etengabeko atomizazioa ez diren beste bide batzuk bilatu behar dira.
Madril eta Bartzelonaren artean pasioa nagusitu da. Azken hiru urtean independentziari buruzko eztabaida amaigabe batean sartutako Kataluniak politika errealera itzuli behar du. Gobernu zentralak negoziazio politiko bat onartu behar du. Hautesleek, beren banaketarekin, konpromisora deitu dituzte Madril eta Bartzelona. Kataluniaren status-aren bermoldatzeak lehentasuna izan behar du abenduko hauteskundeetatik aterako den gobernuarentzat.
"Helburua legezko erreferendum bat da"
Tom Burridge, BBC News
Emaitza anbiguoagoa da erretorikak esaten duena baino. Independentziaren aldekoek jarraitzen dute esaten Espainiarekin hausteko prest daudela, nahiz eta Espainiako Gobernuaren oposizio gogorrari aurre egin beharko dioten. Baina badakite konplikatua eta eztabaidagarria izango litzatekeela. Bene-benetan, haien helburua da legezko erreferendum bat lortzea.
Horregatik, [Espainiako] gobernuarengan presioa handitzen jarratuko dute, jakinda hiru hilabete baino gutxiago falta direla Espainiako hauteskunde orokorretara arte.
Maila nazionalean panorama politiko zatituago batek iradokitzen du boterean aldaketa egon daitekeela edo, gutxienez, PPren posizioa ahulagoa izango dela. Eta horrek agian aldaketa ekarriko du Madrilek Kataluniari buruz duen jarreran.