John McCainen basamortuan zeharreko ibilaldia ez da kontu berria. Bozen egunean, ordea, inoiz baino lausoago ariko da ikusten ostertza hautagai errepublikanoa. Aspalditik egin dute inkestek Barack Obamaren alde. Baina helmugara iristear direnean, ezin beltzagoa da panorama McCainentzat. Etxe Zuriko bizilagun berria izango bada, inkestek ziurtzat dituela dioten estatuetako botoak eskuratu beharko ditu. Bere aldeko joera duten estatuetakoak ere bai. Baita berdinketa teknikoa duten estatu guztietakoak ere. Eta horiek nahikoa ez eta Obamari«kendu» beharko dizkio hark ziurtzat dauzkan hainbat estatutako botoak. Hala erakusten du hauteskundeetako aritmetikak.
Zenbakitan
Itxura guztien arabera, Obamak ez du zailtasunik izango presidente izateko behar dituen 270 ordezkariren botoak lortzeko. Ziurtatuta dauzkan hemeretzi estatuetakoak eta bere aldeko joera dutenetakoak eskuratzen baditu, Hauteskunde Batzordeko 278 kidek haren alde egingo lukete. Eta haren aldeko joera duten estatuetan galduko balu ere, nahikoa luke bi hautagaiak berdinduta azaltzen diren estatu gutxi batzuk bereganatzea. Florida, Virginia eta Ohio, esaterako. Hiru horietako inkestetan bera da faborito, gainera.
McCainek, berriz, estatu ziurretan, haren alde egitekoak direnetan eta berdinduta agertzen direnetan irabazita ere, 260 boto baino ez lituzke izango.
Irabaztekotan, boto «ziurrak» kendu beharko dizkio McCainek Obamari
Ziurtzat dauzkan estatuetan eta inkesten arabera berdinketa teknikoa dutenetan irabaztea ez du aski
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu