Iraganeko mamuak bizi-bizirik

Txernobylgo istripu nuklearra historiako larriena izan da; Ukrainako zentraleko erreaktore batek eztanda egin zuenetik kasik 25 urte igaro diren arren, oraindik haren ondorioak pairatzen ari dira inguruan.

2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Fukushimatik heltzen diren berri kezkagarriek duela kasik 25 urte gertaturikoa dakarte gogora. 1986ko apirilaren 26an, Txernobylgo zentraleko (Ukraina) laugarren erreaktoreak eztanda egin zuen, eta historiako istripu nuklearrik larriena eragin zuen —Fukushimakoa jada parean kokatzen dute—. Urteak igarota ere bizirik diraute iraganeko mamuek; izan ere, istripu haren ondorioak pairatzen ari dira oraindik.

Hornidura elektrikorik gabe zentralaren erantzuna zein izango litzatekeen neurtu nahi izan zuten goiz hartan Txernobylgo teknikariek. Proba harekin, ordea, laugarren erreaktorea berotu egin zen, eta, azkenik, eztanda egin zuen eta erradiazio isuri izugarria eragin. 1945ean Hiroshiman jaurtitako bonbak baino 500 aldiz erradioaktibitate gehiago isuri zuen leherketa hark.

Eztandaren eraginez, 30 lagun hil ziren. Hortik aurrera, Txernobylgo istripuaren benetako ondorioak zeintzuk izan diren ez dira argitu. Ezta 25 urteren ondoren ere. Agintariak, ordukoak eta oraingoak, ezkutukerian aritu izan dira, lobby nuklearraren aginduetara. Ikerketa batzuen eta besteen emaitzak erabat ezberdinak dira.

Gertakariaren adierazle dira erabat hutsik dauden 2.600 kilometro koadroak, istripuaz geroztik ezarritako huste eremuak indarren jarraitzen baitu. Oraindik erradiazioa garbitzeko lanetan dabiltzan teknikariak eta debekuen gainetik euren herrietara itzuli nahi izan duten herritar bakanek soilik zapaltzen dituzte eremu horiek. Abandonatutako herriek osatzen dute, horiez gain, paisaia tristea.

Laugarren erreaktorea arriskutsua da, oraindik. Erradiazioa geldiarazteko zementuzko sarkofago bat eraiki zioten, baina pitzadurak ditu, eta horietatik erradiazioa irteten da.Zentraleko arduradunek, «osasunarentzat ez direla kaltegarriak» errepikatzen dute. Metalezko bobeda bat eraikitzen hasi dira, baina urteak beharko dituzte horretarako, baita diru asko ere, eta oraingoz ez dute.

Biktimen estatistiken dantza

Denborak ematen duen perspektibatik, guztiak bat datoz Txernobylgo istripuaren kudeaketa txarra izan zela. Hasieran garrantzia kendu nahi izan zioten gertatutakoari, eta, ezkutatu ezin izan zutenean, beranduegi zen jada.

Zentralak ez zituen segurtasun neurriak betetzen. Besteak beste, erreaktoreek ez zuten erradiazioa ez kanporatzeko gordetegirik. Istripuaren ondoren gehiegi itxaron zuten herritarrek mugitzen hasteko. Eztandatik 36 ordura kanporatu zituzten zentraletik hamar kilometrotara bizi zirenak, eta, sei egunera, 30 kilometrora bizi zirenak. Ordurako erradiazioak larriki zauritu zituen hainbat lagun.

Leherketa izan eta gero, 135.000 lagun lekualdatu zituzten; erradiazioa Europan hedatu zen, eta milaka lagunek erradiazio maila handia jasan zuten. 600.000 langile erradiazioa geldiarazteko eta efektuak txikitzeko lanean aritu ziren istripuaren ondoren. Gehienak armadako erreserbistak ziren; gazteak, batik bat.

Istripuaren unean edo ondorengo egunetan hil zirenez gain, erakundeak ez datoz bat biktimen zenbatekoaren inguruan. Istripuari zuzenean hildakoak egoztea ezinezkoa denez, estatistiken dantza izugarria da. Datuak hain dira ezberdinak, ezen hildakoez ariko ez balira barregarriak liratekeen.

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, OME Osasunerako Mundu Erakundeak eta Errusia, Bielorrusia eta Ukrainako gobernuek 2005ean egin zuten ikerketak istripuaren eraginez 4.000 lagun inguru hil zirela zioen. Horrez gain, 9.000 laguni minbizia eragin ziela ondorioztatu zuten.

Beste hainbat ikerketatan, aldiz, kalteak askoz larriagoak direla ondorioztatu dute. Alemaniako berdeen eskaerari jarraiki egin zuten ikerketarekin, esaterako, jakinarazi zuten istripuaren eraginez 30.000 eta 60.000 lagun artean hil zirela minbiziak jota. Bielorrusiako biztanlerian tumoreak pairatzeko aukera %40 igo zela ere baieztatu zuten. Greenpeacek 2006an eginiko ikerketan, Txernobylgo zentral nuklearra 200.000 lagunen heriotzaren erantzule izan zitekeela ondorioztatu zuten. Ukrainako 2,4 milioi lagunek erradiazioarekin lotutako osasun arazoak dituztela dio gobernuak; tartean, 428.000 haurrek.

Argi dagoen bakarra da leherketatik 25 urte igaro eta gero istripu nuklearraren ondorioak zeintzuk diren ikusten ari direla, oraindik. Izan ere, aditu gehienek dioten moduan, urte askoan pairatu beharko dira Txernobylgo mamuen ondorioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.