Ez ditu tibetarrak ustekabean harrapatu Tenzin Gyatsoren, dalai- lamaren (1935, Amdo, Tibet) erretiratzeko asmoaren iragarpenak. Txinaren aurkako iraultzaren eta, ondorioz, erbeste aroaren 52. urteurrenean, dalai-lamak boterea herriari itzultzeko nahia adierazi du. Jakinagatik baina, ez da arinagoa erabakiak tibetarren artean eragin duen kezka.
«1960ko hamarkadaz geroztik tibetarrek libreki aukeratutako lider bat behar zutela errepikatu izan dut sarritan. Hori egi bilakatzeko unea heldu da», adierazi du dalai-lamak. Tibeten aldaketa drastikoa eragingo du hainbeste urtez lider espiritual eta politikoa izan dena galtzeak. Adituen arabera, aro berri bat hasiko da dalai-lamaren erretiroaren ostean. Erantzukizunak saihesteko asmorik gabe, Tibeteko auzia bere egiten jarraituko duela azpimarratu du. Autonomiaren eskatzen jarraituko du, beraz, independentziaren bidea aspaldi baztertu baitzuen. Hori izan da dalai-lamari eginiko kritiken iturri nagusia.
Budaren hamalaugarren berraragitzea da dalai-lama haren jarraitzaileentzat. Hori horrela, dalai-lamak ez du ordezkorik izango, harik eta hura hil eta beste pertsona batean berraragitzen den artean. Hori horrela, dalai-lama erretiratzea ezinezkoa dela uste du hainbatek. Buruzagi politikoa, baina, bozen bidez hautatu beharko dute.
Erbesteko tibetarrek datorren astean lehen ministro berria aukeratzeko bozak egingo dituzte. Honek dalai-lamaren funtzioak hartuko lituzke, Konstituzioan aldaketak egiten badituzte. Hori izan da dalai-lamaren eskaria.
Bakearen Nobel saria eman zioten 1989an. Ordutik, ordura arte bezala, Txinaren jazarpen bortitzaren aurrean ere bide baketsuak defendatzen jarraitu du. «Indarkeria ezaren defendatzailea naiz, eta ekintza baketsuek aldaketa positiboak eragin ditzakeela uste dut», esan du berriki.•
Pertsonaia. Dalai-lama
Iragarritako erretiroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu