Atzo bertan hiru hildako izan ziren, asteon izan den ekintzarik txikienean. Asteazkenean 33 hildako eragin zituen atentatua izan zen. Ostegunean, bozkatzeko lehen egunean, hamalau hil zituzten suizidek pare bat bozkaleku eta merkatu bat leherrarazi zituztenean. Segurtasun sendotuak ere badu horrelakoetan baliorik, indarkeria geldiarazteko. Hildako gehienak soldaduak izan ziren, haiek izan dira-eta bozkatzen lehenak, poliziekin, gaixoekin eta presoekin batera. Gaur egon daitekeen indarkeria saihesteko eta zaintzeko bozkatu dute segurtasun indarrek lehenago.
Giro politikoak isla zuzena du kalean gertatzen denarekin. Azken hilabeteotako prozesu politikoak zatiketa handia bideratu du, hala nola atentatuen gorakada; alderdien arteko desadostasunak areagotu ditu hauteskundeen lege berriak, bai eta bozen atzerapenak, eta prozesuan parte hartzea debekatu dietenen boikoterako mehatxuak; horrez gain, beharko diren aliantzak zaildu ditu.
Alderdien debekua
Gardentasun eta Justizia Batzordeak Saddan Husseinen Baath alderdiarekin zerikusia duelakoan hautagaiak ez du oraingoz arrakastarik izan, baina horiek debekatzeko erabakiaren atzean Nuri al Malikiren gobernuaren «trikimailu zikina» dagoela leporatu diote hainbat buruzagi sunitak. Al Malikik gobernu xiita ziurtatu nahiaren atzean lehen ministroaren legez kanpoko jokaerak salatu dituzte, mehatxuak eta xantaiak, boterearen gehiegikeriaz gain.
Urtarrilean Gardentasun eta Justizia Batzordeak atzera bota zituen 511 hautagaietatik gehienei aurkezteko baimena ematea erabaki zuen otsailean Irakeko helegiteen auzitegiak. Baina Justizia Batzordeak zerrenda horietatik asko ikertu ez zituela-eta, atzera bota ditzake, hauteskudeen ondoren. Giroa nahasteko beste arrazoietako bat izan daiteke.
Herritarrak, oztopoak oztopo, bozkatzera joango dira: hirutik bi, kalean egindako azken galdeketen arabera. Hemeretzi milioi irakiarrek dute botoa emateko eskubidea. Galdetutakoek Al Malikiren Zuzenbidearen Estatua koalizioari eman diote garaipena, baina lehia oso berdindua aurreikusi dute alderdi handienekin: INA xiiten Irakeko Kongresu Nazionalarekin eta Irakija aliantzarekin, Ijad Alaui lehen ministro ohi eta Sale al Mutlaq sunitaren koalizioarekin.
Al Malikiri 325 eserlekuetatik 100 emango dizkio bere alderdiak; Al Malikik 120ra iritsiko dela ere esan du. Baina inor ez da ausartzen Legebiltzarreko osaketa iragartzen, oso konplexua izan daitekeelako. 6.172 hautagai daude eserleku horiek betetzeko, 86 alderdi eta aliantzatan banatuta. Horregatik, diotenez, oso zaila izango da gehiengo argia izango duen gobernua eratzea, besteak beste, porrot egin duelako jatorrian edo erlijioan oinarritutako jarrerak alde batera uzteko gobernuaren ahaleginak. Al Malikik berak indar xiiten koalizioa apurtu eta diskurtso nazionalistagoa hartu du botoak bereganatzeko asmoz, kurduenak barne-Irakeko talde nagusietan hirugarrena da kurduen komunitatea-. Baina koalizio kideak INAra joan zaizkio, eta ez dirudi bere nahia lortu duenik.
2005eko hauteskundeek kanpo utzi zituzten sunitak, herritarren heren bat, eta xiiten eta suniten arteko gerra zibila lehertu zen. Orain, suniten parte-hartzeak etorkizun itxaropentsuagoari bidea egin badiezaioke ere, aliantzen ezintasunaren beldurrak eta legez kanporatzeak lekua egin diezaiokete etorkizun beltzagoari. Zalantza, alde guztietatik.
Herritarrek, bien bitartean,ikusi dute euren egunerokoa zapuztu baino ez dutela egin 2003an AEBak Iraken sartu zirenetik egindako hauteskundeek. Nekatuta daude: ia ez dute oinarrizko zerbitzurik, ur eta janari gutxi dute, langabezia sekulakoa da, segurtasunik ez dute eta pobrezia gorantz doa; arrotz zaizkien hauteskundeek kolpatzen baitute egunerokoa, eta aldaketak ez dirudi berehalakoa.
AEBak, irtenbide premian
AEBek Iraken duten komandanteburu Ray Odiernok iragarria da «badaezpadako planak prest» dituztela hauteskundeen ondorenerako, indarkeria eta desegonkortasun politikoa areagotzen bada. Barack Obamak militarrak Iraketik ateratzeko epea atzera daiteke, baina horrek arazoak ekar diezazkioke AEBetako presidenteari, Irakeko soldaduak abuztuan etxean izango» direla agindua du eta.
Ezinbesteko dituzte «hauteskunde libreak», modu batera edo bestera, Irak gobernatzeko. Atzerriko egoera larriak errepublikanoak eta demokratak elkartu ditu senatuan, joan den ostegunean Irakeko hauteskunde «libre, justu eta indarkeriarik gabekoak» eskatzeko erabakia aho batez hartu zutenean. AEBek berretsi egin dute «Irakekin aliantza sendoa eta luzerakoa eraikitzeko» konpromisoa.
«Imajinatu nazi batAlemania Mendebaldeko bozetara aurkezten 1952an; Zer gertatuko litzateke?»
AHMED TXALABI
Irakeko Kongresu Nazionaleko presidentea
2.650
Diru laguntza. Nazioarteko Diru Funtsak 2.650 milioi euro emango dizkio Irakeko Gobernuari; baina trukean ekoizle eta nekazarientzako laguntzak kendu beharko ditu Bagdadek. Gobernuaren diru sarrerak murriztu egin dira petrolioaren prezioaren beherakada dela eta.Egonkortasun ezaren beste arrazoi bat dira kurduak
Irakek aspaldian konpondu beharreko auziak ere ekar diezaioke Bagdadi segurtasun eza. Haien eskaerei bizkar emateak ez dio mesederik egingo jada konplexua den egoerari. Azken zazpi urtean Irakeko kurduak baturik egon dira Bagdaden, eta inoizko botererik handiena lortu dute. Baina, besteak beste,Kirkukeko petrolio eremuaren auziari eta Kurdistango autonomia mailari irtenbidea ematea izango da gobernu berriaren zeregina. Hala ere, kurduen alderdien artean sortu diren ezberdintasunek zein eragin izango duten ikusteko dago Bagdaden. «Oso garrantzitsua da batasunari eustea», Masud Barzani Iraken menpeko Kurdistango lurralde autonomoko presidentearentzat.%25,5
Emakumeak Parlamentuan. Irakeko Legebiltzarreko diputatuen %25,5 emakumezkoak izan dira aurreko legealdian, eta hurrengoan ere hala izatea espero dute adituek. Beste nazio batzuk, ordea, ez dira kopuru horretara heltzen.AEBetan, adibidez, %16,8 dira.Peter Harling.International Crisis Group adituen batzordeko kidea
Harlingen iritziz, Husseinen garaitik datozen arazoak gainditu eta estatu berria eraikitzeko oinarri sendoak jarri behar dira, eta, horretarako, baliagarriak izan daitezke gaurko bozak.
«Gobernua osatzeko gakoetako bat izango da Kirkukeko auzia»
Arantxa Elizegi.AEBetako orduko presidente George Bushek Irak inbaditzea erabaki zuenean, 2003ko martxoan, hantxe zen Peter Harling. Beste ehunka atzerritarrek bezala, handik irteteko aukera izan zuen, ordea. Gaur egun International Crisis Group aditu batzordeko Ekialde Hurbilerako ordezkaria da, eta Damaskon bizi da. Hala ere, gertutik jarraitzen du Iraken gertatzen ari dena, eta otsailean Iraken etorkizun iluna: hauteskundeak eta hortik aurrerakoak txostena kaleratu zuen. Harlingen arabera, gaurko bozak oinarrizkoak dira, ez bakarrik Bagdadentzat, baita AEBentzat ere.
Zuk idatzia da Saddam Husseinen agintaldiaz geroztik egindako bozek lehendik ezegonkorra zen egoera okertu dutela. Uste duzu gauza bera gertatuko dela orain ere?
Uste dut oraingo hauteskundeetan gertatuko dena aurreikustea aurrekoetan baino zailagoa izango dela. Arrazoi asko daude hori esateko, baina bat da nagusia, aurrekoetan ez bezala, AEBen kontrola murriztu egin delako. Aurrekoetan bozak ez ziren askeak, Estatu Batuen eskua ikus zitekeen alde guztietan. Hala ere, ikusi beharko da horrek guztiak zer ondorio ekartzen dituen gobernua osatu eta politika egiteko garaian.
AEBek Bagdaden duten enbaxadoreak, Christopher Hillek, ohartarazi du gerta litekeela nazioarteak Parlamentu berria ez onartzea, Baatheko kide ohiei bozetara aurkeztea debekatu izanagatik. Gerta liteke halakorik?
Uste dut nazioarteko komunitateak Afganistanen izan duena baino jarrera hobea izango duela Iraken. Noski, bateko eta besteko egoerak oso desberdinak dira, baina, nire iritziz, edozer gertatzen dela ere, nazioarteak onartu egingo ditu emaitzak. Kontuan izan orain arte begiraleak bidali izan dituztenean horiek Bagdaden geratu direla, baina kasu honetan oso gertutik jarraituko dituzte bozketak; ez dira hiriburua kontrolatzera mugatuko, nekazaritza eremuetara ere joango dira. Horrek ez du esan nahi kexurik egongo ez denik. Izango dira, nola ez, iruzur salaketak ere, bai hautesleen aldetik baita hautagaienetik ere. Baina hortik hauteskundeetako emaitzak baliogabetzera alde handia dago.
Zer gerta liteke hauteskunde hauetatik gobernu egonkor bat ateratzen ez bada?
Egonkorra izango den gobernua osatzeko asteetako eta, batzuetan, hilabeteetako negoziazioak behar izaten dira. Boto gehien lortzen duten bi alderdien ardura izango da elkarrizketa horiek behar bezala bideratzea, koalizioak osatu ahal izateko. Iraken, ordea, halako negoziazioek normalean baino luzeago jotzen dute, konpondu gabeko hainbat arazo ateratzen direlako mahai gainera. Eta kasu honetan ziurrenik kurduek aukera baliatuko dute Kirkukeko auzia eztabaidagai jartzeko. Oso hiri garrantzitsua da hau bertako gehiengo kurduarentzat, petrolio eta gas erreserba handiak dituelako. Hala Kurdistan autonomoko zati bilakatzea eskatzen dute, eta hori lortuz gero independentzia ekonomikoa eskuratuko lukete. Auzi honek, ordea, konpondu gabe jarraitzen du duela hiru urtetatik. Hori izango da gobernua osatu eta lehen ministroa aukeratzeko negoziazioetarako gakoetako bat.
Uste duzu AEBetako presidente Barack Obamaren Irakerako politikak egokiak direla?
Obamak ez du zerikusi handirik izan Iraken bultzatutako politiketan; azken finean, haren administrazioak oinordetu egin du gatazka. Baina gerra bera ez ezik hura amaitzeko politikak ere Bushen gobernuak hasitakoak dira. Obamak bere egin du Bushek osatutako errepide mapa; ondorioz, maniobratzeko oso tarte gutxi geratzen zaio, eta hori arazo bilaka daiteke luze gabe. Pentsa ezazu borrokarako tropa guztiak erretiratu behar dituztela aurtengo abuzturako, eta soldadu guztiak 2012rako. Eta horiek soldadu asko dira oso denbora gutxian. Horrek ekarriko dituen ondorioak ezin dira aurreikusi.
Obamaren gobernuak malgutasun gutxi duela diot, Iraken dauden tropak Afganistanera eraman behar dituztelako. Irakeko gerrak kritika asko eta gogorrak eragin ditu AEBetako herritarren artean, eta ez da ahaztu behar hauteskunde urtea dela han aurtengoa. Eta Obamaren administrazioak urratsik txikiena ere egiten badu Iraken aipatutako bidetik at, garesti ordainduko du.
Irak beste Afganistan bat bilakatzeko arriskurik bada?
Gerta liteke Afganistan beste Irak bat bilakatzea ere. Dena den, bi gatazka oso desberdin dira. Oso arriskutsua da halako konparazio bat egitea. Hala ere, egia da Obamak ez dituela inoiz bere gain hartu AEBek Iraken dituzten erantzukizunak. Washingtonek erabaki du tropak aterako dituela, Bushengandik jasotako oinordekotza behin betiko amaitzeko, baina ez ditu benetan aztertu horren ondorioak.
Gerra hasi aurretik Bagdaden bizi izan zinen hainbat urtez, eta, geroztik, itzuli zara hara behin baino gehiagotan. Zertan aldatu da herrialdea urte hauetan?
Zentzu askotan aldatu da. Husseinen agintearen eta bahimenduaren ondorioak nabariak dira oraindik; etnien arteko banaketak eta instituzioen ahultasunak ez daude erabat konponduta. Husseinen administrazioak desegin egin zituen gizartearen batasuna bermatzen zuten instituzioak. Eta, orain, hori konponduko bada, aurreko estatua desegin eta berria eraikitzen hasteko oinarriak finkatu behar dira.