Perpinyako Unibertsitateko Geografia irakaslea da Joan Becat. Terra Nostra argitaletxeak kaleratzen duen aldizkariarentzat hainbat geografia lan egin izan ditu Herrialde Katalanen inguruan, eta orain hiru mapa egiteko proiektuan ari da lanean. Hurrengoa, urtearen amaierarako.
Zein da zehazki Ekialdeko Pirinioetako Kontseilu Nagusiarekin hitzartu duzuen akordioa?
Argitaratzailea eskola-aldizkari katalan bat da, Terra Nostra. Ikas materialea lantzen du, baina baita herrialdeari buruzko faszikulu monografikoak ere historia, literatura, eta bizitzari buruz. Aldizkari honentzat eta erakunde multzo batentzat eskolarako mapa muralak egiteko egitasmo bat genuen. Irakaskuntza alorrean ez zegoen horrelakorik, ezta egiteko asmorik ere. Ez dakit irabazi gutxi aurreikusten zutelako zen, edo inor ez gogaitzeko. Europaren garapenaren eta etorkizuneko hedapenaren maparik ere ez zegoen. Ez zegoen Alger hartzen zuenik, Mediterraneo okzidental osoa hartzen zuenik. Erabaki genuen ere, mapa handia izanik, Okzitaniako herriak sartzea. Okzitaniako hainbat erakunderekin akordio batean adostu ginen, bi bertsio egiteko: katalunierazko eta okzitanierazkoa. Lehen tirada egin eta emaitza ikusi genuenean, Kontseilu Nagusiko presidente Christian Bourquini izugarri gustatu zitzaion. Ez dakit arlo katalanarengatik, baina bai munduari buruz ematen zuen ikuspegiarengatik. Mapa doa Afrika iparrraldetik Estrasburgo arte eta Euskal Herritik Italiara bitartean. Hala, pentsatu zuen banatzea eskola eta udaletxe guztietan. Kontseilu Nagusiak esan zuen mapa horrek bere katalantasunarekin harro egotea eragiten ziola.
Norena izan zen eskoletan banatzeko ideia?
Kontseilu Nagusiarena. Guk pentsatu genuen mapa bat egitea izen gutxiagorekin, batzuk doan banatzeko eta beste batzuk salgai jartzeko eta eskola publiko zein pribatu katalanetan banatzea. Horrek ekarriko du, gainera, katalanez mintzo ez diren hainbat irakaslek katalanezko maparekin ematea eskolak. Baina ez dute arazorik izango, hizkuntza latinoa delako.
Zein xede du mapa eskoletan banatzeko kanpainak?
Bi egitasmo daude hemen. Terra Nostra argitaletxearena da hiru mapa egitea. Mapa bakoitzak alde batetik Europako mapa historiko bat izango du (XX. mendeko egoera eta Erdi Arokoa) eta bestetik mapa lokala, hots; Herrialde Katalanak eta Ipar Katalunia. Hiru urterako egitasmoa da. Hurrengoa urte amaierarako argitaratzea espero dugu. Bestetik, Kontseilu Nagusiak duela bi urte Marcel Mateu katalanista izendatu zuen, Kultura katalanaren aldeko ekimenak bultzatzeko. Ez dut uste Kontseilu Nagusia katalanista bihurtu denik, baina egia da ekimen batzuk egin nahi dituela.
1.000 ale atera dituzue hasieran. Edizio gehiago egiteko asmorik ba al duzue?
Eskaera baldin badago egingo dugu, bai, baina gutxienez 500 aleka inprimatu behar dugu. Bretainia eta Ipar Euskal Herriko kideei proposatu diegu, adibidez, Europako mapari eutsi, hizkuntza aldatu eta moldatu dezaketela.
BESTE BATASUNA. HERRIALDE KATALANAK
«Irakaskuntzan ez zegoen halako maparik, ezta egiteko asmorik ere»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu