Erresuma Batua. Protestak. Danny Kruger. Only Connect konpainiako zuzendaria

«Irakaspen gisa hartu behar dugu aste hau»

Istiluen atzean gizartearen balioen galera dagoela uste du Krugerrek. Gertutik ezagutzen du David Cameron lehen ministroaren jarduna, haren hitzaldiak idazteaz arduratzen baitzen 2008ra arte.

BERRIA.
Andrea Venturini
Londres
2011ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Londres eta Erresuma Batuko beste hainbat hiri suntsitu dituzten istiluak bi arrazoirengatik piztu direlakoan dago Danny Kruger (Londres, 1974), David Cameron lehen ministroaren hitzaldien idazle ohia: gizarte eta ekonomia politiken porrotagatik, eta, batez ere, gizartean dagoen balio faltagatik.

2008az geroztik, Only Connect karitate konpainiako zuzendaria da Kruger. Espetxetik ateratako gazteei bizitza berreraikitzen laguntzen die, antzerkiaren, musikaren eta talde proiektuen bidez.

Zeintzuk dira istiluetan parte hartu duten gazteak?

Bazterreko auzoetako familia txiroetakoak dira gehienak, ikastetxeetan hezkuntza maila baxua jaso dutenak. Etorkizuna beltz ikusten dute, eta ez diote errespeturik Poliziari. Uste dute ez dutela ezer galtzeko. Justiziaren alde ari direlakoan daude, baina ondasunak lapurtzen baino ez dira ari.

Zeintzuk dira istiluak piztu dituzten benetako arrazoiak?

Gazteentzako aukera falta eta diziplina barneratzerakoan gure kulturak izan duen akatsa.

Krisi ekonomikoak ere eragin du?

Diru gutxiago eta aukera gutxiago dagoela sentitzen du jendeak. Gizarte zerbitzuetan ere murrizketak egiten ari dira. Dena dela, arrazoi nagusia gure kulturak bizi duen balioen galera da. Oso arazo sakona da. Ez da politikariek lege berri baten bidez konpon dezaketen kontua.

Harrapakatzaileek ondasun elektronikoak eta markako arropak ostu dituzte batez ere. Horiek dira haien beharrizanak?

Beharrizan horiek izateko heziak izan dira. Pentsatzen dute herritar arrunt batek diruz erosi nahi lituzkeen gauzak ez daudela beraien esku: etxe bat edo auto bat, kasu. Beraz, gauza merkeak edo tamaina txikiko gauza garestiak baino ez dituzte lapurtu. Oso barneratuta dute ondasun txikiak baino ez daudela haien esku.

Gertatzen ari denaren errua laboristen gobernuek egindako politikena dela esan daiteke?

Belaunaldietako arazoa da. Baina bai, laboristek ez zuten ezer egin arazoa konpontzeko. Ezarritako eredu baten arabera funtzionatzen duen ongizate unibertsal eta parekidean bizi gara, eta ondorioz, jendeak jada ez du lanik egin nahi, ondasunetatik bizi nahi dute. Baina inork ez du eroso sentitzeko adina diru jasotzen, soldatak baxuak dira. Horrek erresumin handia sortzen du, eta ezin txarragoa da emaitza. Laboristek arazoa konpontzeko aukera izan zuten, baina are gehiago gaiztotu zuten. Gizarte Segurantzaren ordainketak mantentzeaz gain, ez zieten gure kulturaren printzipio moralei eutsi.

Cameronen gobernuaren murrizketek giroa gehiago gaiztotu dezakete.

Irakaspen gisa hartu behar dugu aste hau. Gazteentzat lanpostuak sortzeko alternatibak bilatu eta lezio onak eman behar dizkiegu. Momentuan martxan diren proiektuak ezabatzea okerragoa izan daiteke, baina bistan da une honetan esku artean duguna ez dela konponbidea.

Zein da luzerako konponbidea?

Batetik, ikastetxeetan eta erakundeetan balioei eustea, eta kultura goitik behera aldatzea jendeak agintariak errespeta ditzan. Bestetik, aukera ekonomikoak ematea, gazteek gurasoak lanean izan ditzaten eta jarraitu beharreko bidea ezagutu dezaten. Egun langabezia, droga arazoak, guraso bakarrak eta estatuaren diru laguntzetatik bizi denjendea ikusten dute inguruan, eta ikusitakoa egiten dute.

Cameronen Gizarte Handia programaren porrota da?

Alderantziz. Aukera aparta da Gizarte Handiarentzat. Proiektuaren xedea lekuko komunitateen esku botere gehiago jartzea da. Kaleak garbitzeko taldeak sortu dira egunotan, horixe da Gizarte Handia. Murrizketen harira, ezinbestekoa da elkarte independente, boluntario edo pribatuak sortzea gazteekin lan egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.