Irak

Irakeko behin-behineko Gobernuak bitartekari bat bidali du Najafera

Najaf hirian bizi den giro gogorrari nolabaiteko irtenbide bat emateko asmoz, bitartekari bat bidali du Irakeko behin-behineko Gobernuak xiiten altxamenduaren buruzagi den Muktada Al Sadr abadearekin negoziatzeko. Bitartean, AEBetako indarrek Najafeko oldarraldia "behin betiko amairazteko azken erasoaldiarekin" aurrera segitzen dute. Informazio kontrajarriak heltzen dira handik: albiste agentzia batzuen arabera, Najaf erdialdea AEBetako tropen eta Irakeko segurtasun indarren kontrolpean dago dagoeneko; AFP agentziak, ordea, estatubatuarrek ez dutela oraindik helburu hori lortu zabaldu du.

2004ko abuztuaren 12a
18:59
Entzun
Iad Alaui lehen ministroaren gobernuak larrialdiko bilera egin du gaur goizean, eta batzar horretan Najafera bitartekari bat bidaltzea erabaki dute. Hiri horretako gatazka gogorrak amaiaraztea da negoziatzailearen xedea, eta Muktada Al Sadr buruzag xiitari altxamendua bertan behera uzteko eskatuko dio.

Najafeko altxamenduaren inguruan AEBetako Armaadak hartu duen jarrera oldarkorrak eztabaida piztu du Irakeko behin-behineko Gobernuaren barruan.

Hala ere, estatubatuarrek aurrera segitzen dute eurenarekin, eta oldarraldia behin betiko amairazteko erasoa hasi dutela iragarri dute gau goizean. "Milizia suntsitzeko operazioa hasi da", adierazi du AEBetako Itsas Armadako Laugarren Erregimentuko bozeramaile batek. Soldadu estatubatuarrak ez ezik, Irakeko segurtasun indarretako kideak ere erasoaldian parte hartzen ari direla zehaztu du; agi denez, Irakeko segurtasun indarretako kideak dira ezarri dituzte borrokarako lehen lerroan gaur goizaldean, haiek izango baitira Al Imamaren meskitaren aurkako balizko ofentsiba aurrera eramango dutenak.

Izan ere, AEBetako Armadak debekatua du Ali Imamaren mausoleoan sartzea xiiten gune sakratuetako bat baita. Irakeko behin-behineko Gobernuak eman behar du gune hori erasotzeko baimena, eta Al Sadren aldeko miliziano gehienak han eta ondoko hilerri batean daude gotortuta.

Gobernadoreordeak dimititu du AEBetako tropen "izugarrikeriengatik"

Azken egunetan bezala, Najafeko bizilagun ugari hiritik alde egiten ari dira borroketatik ihesi. Hain zuzen ere, Najafeko gobernadoreordeetako batek, Nayaf Yawat Khazem Al Kuraixik, dimisioa aurkeztu du gaur AEBetako tropak egiten ari diren "izugarrikeriak" direla eta.

Najafeko egoera latza dela bai, baina zehazki indar harremanak nola dauden ez dago argi. Agentzia batzuen arabera, hiriaren erdialdea AEBetako indarren menpe dago jada;halaber, Muktada Al Sadr legokeen eraikinaren ingurua bonbardatu dutela ere zabaldu dute. AFP berri agentziaren arabera, ordea, milizianoen esku jarraitzen du oraindik Najaf erdialdeak.

165 irakiar hil dituzte eta 600dik gora zauritu

Dena den, ez da Najafera mugatzen AEBek gidatutako Koalizioko indarren erasoaldia. Aitzitik, hiri santuan hasitako xiiten altxamendua beste hainbat gunetara ere zabaldu da, eta, ondorioz, atzerriko indarren kontraerasoa ere bai. Hala, azken orduetan 165 irakiar hil eta 600 bat zauritu dituzte, batik bat, Irak hegoaldeko Kut eta Amara hirietan.

Zehazki, Kuten 75 lagun hil dira bart gauean milizianoek Irakeko segurtasun indarrekin eta AEBetako soldaduekin izandako borroken ondorioz. Hildako gehienak zibilak direla nabarmendu dute hiri horretako osasun zerbitzuetako iturriek, asko eta asko emakumeak eta haurrak. Beste hirietan ere zibilak dira hildakoetako hainbat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.