Irakeko fakzio nagusiekin batera osatuko du Gobernua Al Malikik

Exekutibo berria atzo zuten eratzekoa, baina gaur arte atzeratu dute hura onartzeko Parlamentuko bozketa

Erredakzioa
2010eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Ezustekorik ezean, Irakeko Gobernu berria gaur osatuko dute. Hasiera batean, atzo eginen zutela iragarri zuten, baina Osama al Nujaifi Parlamentuko presidenteak gaur arte atzeratu du gobernu berria onartzeko bozketa. Jarduneko lehen ministro Nuri al Malikik espero du karguan jarraitu ahal izatea, herrialdeko hiru fakzio nagusiak —sunitak, xiitak eta kurduak— bilduko dituen gobernu baten buru.

Iragan asteburuan, Irakija koalizioko buru Ijad Alauik Al Maliki buru izanen duen gobernura batuko zela adierazi zuen. Horrela, joan den azaroaren 10ean, Al Malikirekin eta Masud Barzani Irakeko kurduen buruarekin sinatutako akordio politikoa berretsi zuen Alauik. Horren arabera, batasun nazionaleko gobernua eratzea adostu zuten.

Joan den azaroaren 25ean, Irakeko presidente Jalal Talabanik agindu zion Al Malikiri gobernu berria osatzeko, eta epea larunbat honetan bukatuko da. Hauteskundeak duela bederatzi hilabete egin ziren, martxoan. Irakijak lortu zuen botorik gehien, eta Parlamentuko 325 jarlekuetatik 91 egokitu zitzaizkion. Al Maliki buru zuen koalizioak, berriz, 89 jarleku eskuratu zituen. Inork ez zuen lortu bakarka agintzeko adina boto.

Kristauentzako babes eske

Amnesty Internationalek, bertzetik, eskaera egin dio Irakeko Gobernuari, herrialdeko kristau komunitatea babesteko neurri gehiago har ditzan. Eguberrietan kristauen aurkako ekintzak egon daitezkeela ohartarazi du, «oihartzuna lortu eta gobernua lotsagarri uzteko». Amnesty Internationalen arabera, 2004 eta 2009 bitartean 65 eraso pairatu dituzte Irakeko kristauen tenpluek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.