ERRESUMA BATUKO HAUTESKUNDEAK

Irakeko gerrak gizartea banatu duela aitortu du Tony Blairrek

Alderdi Laboristak galera handiak izan ditu, kontserbadoreen eta liberal demokraten mesederako

Erredakzioa
2005eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
«Entzun dut eta ikasi dut», esan zuen atzo Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro hautatuak. Downing Streeteko 10. zenbakian zegoen, emaztearekin eta seme-alabekin batera. Blairren alderdiak 355 eserleku lortu zituen. Gehiengo osoa lortu zuten bozetan laboristek, baina diputatu asko galdu zituzten kontserbadoreen eta liberal demokraten mesedetan. Michael Howard buru duen taldeak 197 diputatu eskuratu zituen, eta Charles Kennedyrenak, berriz, 62.

Irakeko gerrak gizartea banatu duela, baina jendeak aurrera egin nahi duela nabarmendu zuen lehen ministro hautatuak bere etxeko atarian emandako prentsaurrekoan. Beste lau urtez agintean egotea «ohore handia» zela ere esan zuen eta eskerrak eman zizkien militante laboristei. Bera da hirugarren aldiz jarraian bozak irabazi dituen lehen laborista. «Duela zortzi urte, lehen ministro kargua hartu nuenean, ez nuen esperientziarik. Orain badakit zer nahi duten britainiarrek». Lehen ministro hautatua eta haren emazte Cherie Blair Buck- ingham Jauregian izan ziren atzo. Elisabeth II.a erreginak gobernu berria eratzeko eskatu zion Blairri. Duela lau urte baino eserleku gutxiago zeuden jokoan atzo (646), Hauteskunde Legea aldatu zutelako eta Eskozian 13 eserleku gutxiago zeudelako. Hala ere, Eskoziako Alderdi Nazionalak bi diputatu gehiago eskuratu zituen. Irlanda iparraldean, Sinn Feinek eta Alderdi Unionista Demokratikoak ere gora egin zuten. Plaid Cymruk (Gales), aldiz, diputatu bat galdu zuen.

Howard, dimisioa emateko prest

«Norbaitek bere lana bete ezean, kalera doa. Nire lana hauteskundeak irabaztea zen, eta ez dut lortu», esan zuen Howardek. Horretaz gain, erabakia hartzerakoan adina ere 63 urte kontuan hartu zuela azaldu zuen. «Hobe orain utzi, beranduegi denean baino». Hurrengo bozetan 68 urte izango ditu. Alderdikideek hurrengo buruzagia hautatzen duten artean karguan jarraituko zuela iragarri zuen eta batuta jarraitzeko eskatu zien militanteei. «18 hilabetean egin dugun guztia ikusita, zer ez dugu egingo bost urtean. Aurrera begira jarraitu behar dugu. Ezin gara lehengo eztabaida eta liskarretara itzuli».

Alderdi Liberal Demokratako buru Charles Kennedy pozik agertu zen lortutako emaitzekin. «Laboristek ezin izango dituzte gehiago zuloz beteriko oinetakoekin jendearen iritziak zapaldu, ahulduta atera direlako bozetatik». Herenegungo hauteskundeetan kontserbadoreek Ingalaterra hego-ekialdean lortu zuten diputatu gehien. Aldiz, liberal demokratek hiri handietan lortu zuten eserleku gehien. Hori zela eta, estatu osoaren alternatibatzat jo zuen bere alderdia Kennedyk.Liberal demokraten buruak zoriondu egin zuen Blair, baina zalantzan jarri zuen hain babes txikiarekin agintera igotzeko aukera ematen duen «demokraziaren kalitatea». «Komunen Ganbera berritu egin da boz hauekin. Haren politika aurreko urteetakoa baino zuzenagoa izango delakoan nago». Lehen ministro hautatuak, bestalde, hurrengo lau urteetan jarraitu beharreko bidea argitu zuen atzo. Besteak beste, herritarren arteko errespetua bultzatuko zuela iragarri zuen. «Britainiarrak toleranteak eta zintzoak direla ikusi dut. Ez dute nahi immigrazioak gizartea banatzerik. Baina kezkatuta daude. Asiloa emateko sistema ez dela egokia uste dute». Kontserbadoreen kanpaina kritikatu zuen, gizartea banatzen saiatzeagatik.



-

BETHNAL GREEN ETA BOW



 

Gerraren aurkako laborista ohi bat garaile





«Hau Irakengatik», esan zuen Errespetuaren Koalizioko buru George Gallowayk Bethnal Green eta Bow barrutian irabazi zuela jakin zuenean. Blairri ere mintzatu zitzaion: «Zuk hil dituzun guztiak eta esan dituzun gezur guztiak zure aurka jarri dira orain. Laboristek egin dezaketen gauzarik onena zu alderditik botatzea da». Gerraren kontrako jarrera zuelako bota zuten Galloway Alderdi Laboristatik. Herenegun, baina, ordura arte haiena zen eserlekua bereganatu zuen, herritar musulman asko bizi diren barrutian. Aurkari nagusia Oona King zen, laborista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.