Mundua

Irakeko Gobernuak dio "ona eta beharrezkoa" dela Bushen Irakeko estrategia berria

2007ko urtarrilaren 11
16:27
Entzun
Iraken "akatsak" egin dituztela eta horien ardura berea dela esan du George Bush Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak, eta akats nagusietako bat Irakera behar baino indar militar gutxiago bidaltzea izan dela. Beraz, estrategia berri horren ardatza soldadu gehiago bidaltzea izango da: zehazki, AEBetako Armadako beste 21.500 soldadu joango direla Irakera iragarri du. Egun, 132.000 soldadu estatubatuar daude Iraken.

Bushek bart aurkeztu du Iraken erabiliko duten "estrategia berria", telebistaz zabaldu duten deklarazio baten bidez, eta agerraldi horretan onartu du Iraken okerrak egin dituztela.

Nolanahi ere, besteen ildoetan ere sumatu ditu akatsak Bushek, hala nola, Irakeko Gobernuaren politikan: "ahulegi" jokatzea egotzi dio beren bultzadaz sortutako Nuri al Maliki lehen ministro xiitaren gobernuari. Areago, eurek ezarritako helburu politikoak bete ezean, laguntzak kentzeko mehatxua egin dio.

Estrategia berri hori "ona eta beharrezkoa" da Irakeko Gobernuaren ustez, gaur Ali Dabag bozeramaileak esan duenez, estrategiak "egonkortasuna eta segurtasuna" errekuperatzea bilatzen duelako. "Eta ikusten dugunean Irakeko Gobernua gauza dela hemen segurtasuna bermatzeko, ABEetako tropak erretiratzea eskatuko dugu".

Tropak gehitzeaz gain, honakoak dira Bushek estrategia berri horretan proposatutako ildo nagusiak:

-Irakeko segurtasun indarren gaitasuna areagotzea, zibilak babesteko.

-Bilio bat dolarreko funtsa izango duen laguntza eta garapen programa abiatzea.

-Oinarrizko helburu politiko zehatzak jartzea Irakeko Gobernuari.

-Siria eta Iranenganako "jarrera irmoa" hartzea. Izan ere, liskarra areagotzea egozten die Bushek.

Saddam Husseinen jarraitzaileen estrategia "gerra sektarioa" piztea izan dela nabarmendu du AEBetako presidenteak, eta gatazka horren ondorioz, osterantzean Iraken egin diren "aurrerapen politikoak" ezkutuan geratu direla.

Kongresuan zein Senatuan gehiengoa duen Alderdi Demokrata Bushek iragarritako estrategia berriaren aurka agertu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.