Irakeko Gobernuak Petrolioaren Legea onartu, eta suniten babesa espero du

Legebiltzarra gaur hasiko da eztabaidatzen; ez dago argi suniten eskaerak aintzat hartu dituzten

Kristina Berasain Tristan.
2007ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
«Irakeko lege inportanteena da». Nuri al Maliki Irakeko lehen ministroak horrela laburbildu du exekutiboak atzo onartu zuen Petrolioaren Legea. Gobernua osatzen duten 37 ministroetatik 24 izan ziren bozketan. Irakeko hemezortzi eskualdeen artean, eskualde bakoitzaren populazioaren arabera banatuko dira petrolioaren irabaziak. Legebiltzarra gaur da legea eztabaidatzen hastekoa, eta hainbat diputatuk jada kontra bozkatuko dutela iragarri dute. Legeak behar besteko sostengua izan ezean, berriz ere atzeratuko litzateke bere behin betiko onespena .

Gobernuak otsailean onartu zuen lege zirriborroa, eta hainbat aldaketa egin behar izan ditu gerora suniten babesa jaso ahal izateko. AEB Ameriketako Estatu Batuen presioakizan dira tartean. Ali Dabag exekutiboko eledunak jakinarazi du «beharrezko» zuzenketak onartu dituztela, baina ez du azaldu zuzenketa horiek zeintzuk diren.

Otsailean sunitek baztertu zuten zirriborroarekin alderatuta, lege berrian zeintzuk aldaketa egin diren ez da, beraz, publiko egin. Sunitek bi argudio baliatu zituzten lege proiektua atzera botatzeko: herrialdean zatiketa eragiteko aurreneko pausoa zela etaherrialdea atzerriko petrolio enpresen esku geldituko zela.



XIITAK, SUNITAK ETA KURDUAK. Legeak petrolioaren irabaziak xiita, sunita eta kurduen artean banatzea espero da. Horixe zen aurreko zirriborroaren oinarria, eta litekeena da bihar eztabaidatzekoa den legean hori ez aldatzea. Irakeko Kurdistanen -iparraldean- eta hegoaldean, eremu xiitetan daude bereziki gas eta petrolio eremuak. Sunitak bizi diren eskualdeetan, berriz, petrolio gutxi dago. Herritarren %60 xiitak dira, %20 sunitak eta beste %20 kurduak.

Ameriketako Estatu Batuetako IHS aholkularitza enpresa independente batek apirilean jakinarazi zuenez, baina, herrialdean uste baino bi aldiz petrolio gehiago dago, eta erreserba horiek bereziki eremu sunitetan daude. Hori horrela balitz ondorio politikoak nabarmenak lirateke; izan ere, okupazioaz geroztik sunitak baztertuta daude Iraken.

Ikerketaren arabera, uste baino 100.000 milioi upel gehiago daude Iraken. Datuak baieztatuko balira, petrolio erreserbetan munduko bigarren estatua litzateke Irak-Saudi Arabia da aurrenekoa-. Petrolio ekoizleen artean, berriz, bosgarrena izatera iritsiko litzateke; orain egunero ekoizten dituen bi milioi upeletik bost urteko epean lau milioi upel ekoiztera igarota. Gobernuak 52.830 milioi euroko irabaziak jaso zituen iaz petrolioa ustiatzeagatik. Eguneko ekoizpena 1,75 milioi upelekoa izan zen. Petrolio erreserbak, berriz, 115.000 milioi upelekoak dira. Irakek dituen 78 petrolio guneetatik soilik 27tik ateratzen dute petrolioa. Beste 25etan aurki hasiko dira ateratzen.

Irabaziak eskualde guztien artean banatuko lirateke herritar kopuruaren arabera. Horrek, hala ere, arazoak sor ditzake; izan ere, herrialdean ez dago errolda fidagarririk, eta okupazioak ia lau milioi desplazatu eragin ditu.

Lege zirriborroaren beste zutabeetako bat atzerriko enpresei 50 urtez petrolioa ekoizteko aukera ematea da. Kanada, Norvegia eta Arabiar Emirerri Batuetako enpresekin jada hainbat kontratu ditu sinatuta autonomia kurduak. 50 urteko epearen ostean Gobernuaren eskuetara pasatuko lirateke.Irakeko Petrolio Ministerioak akordio bat hitzartu zuen ekainean iparraldeko kurduekin. Iparraldean petrolio ugari dago, eta, akordioaren arabera, irabazi guztien %17 jasoko dute kurduek.



BONBA-AUTOA BAGDADEN. Bagdaden, bestetik, bonba-auto bat leherrarazi zuten atzo azoka baten aurrean. Orotara 16 lagun hil eta beste 35 zauritu ziren erasoan. Shaab auzo xiitan dago azoka, eta leherketak kalte material ugari eragin zituen inguruetan. Kirkuken beste bi lagun hil ziren beste bonba-auto bat leherrarazi zutenean.

AEB Ameriketako Estatu Batuek erresistentziako ustezko 33 kide hil zituen asteburuan Ramadin. Atzo jakinarazitako informazioaren arabera, bi erasoalditan hil ziren ekintzaileak.

Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak, bien bitartean, autonomia kurduko segurtasun indarrak bertako kartzeletan dauden presoak torturatzen ari dira. Iazko apirila eta martxoa artean 150 atxilotu baino gehiago elkarrizketatu zituen nazioarteko erakundeak, eta ondorioztatu dute torturak egiten direla. Erakundeak ikerketa independente bat aldarrikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.