Irakeko Legebiltzarrerako hauteskundeetako aurreneko emaitza ofizialak Nuri al Maliki lehen ministroaren aldekoak dira: herrialdeko hemezortzi eskualdeetako biren lehen emaitzak eman ditu Hauteskunde Batzordeak gaur arratsaldean, eta bietan Al Malikiren koalizioak irabazi du -Zuzenbidearen Estatua aliantzak-.
Nayaf eta Babel eskualdeak dira bi horiek, baina Hauteskunde Batzordeak ez du zehaztu botoen zenbateko ehunenekoa kontatu duten orain arte. Dena dela, batzordeak iragarri zuen lehen emaitzak gutxienez botoen %30 zenbatuta zeuzkatela emango zituela.
Orain arteko datuen arabera, Nayafen Zuzenbidearen Estatuak 55.846 boto erdietsi ditu, ANI Irakeko Aliantza Nazionalak 48.613 eta Irakijak -Iad Alaui lehen ministrordearen alderdiak- 9.076. Babelen, berriz, Zuzenbidearen Estatuak 68.887 boto, ANIk 54.970 Irakijak 31.840.
Bozak batak edo besteak irabazten dituela, Irakeko Gobernua osatzeko hainbat aste itxaron beharko dute, irabazleak gobernatzeko aliantzak beharko dituelako eta negoziazioak zailak izango direlako.
Igandean izan ziren bozak eta parte-hartzea %62,4koa izan zen. Orduan ere egin zituzten atentatuak han -38 lagun hil ziren-, baina Al Malikik nabarmendu zuen Al Kaedarentzat ezinezkoa izan zela hauteskundeak lehertzeko mehatxua aurrera eramatea.
munDUA
Irakeko hauteskundeetako aurreneko emaitzak Al Maliki lehen ministroaren aldekoak dira
Igandean egin zituzten Legebiltzarrerako bozak, eta Hauteskunde Batzordeak bi eskualdetako emaitza batzuk baizik ez ditu eman orain arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu