Gobernuz kanpoko erakundeek argitara eman duten txostenaren arabera, zortzi milioi irakiar baino gehiago pobrezian eta oinarrizko zerbitzurik gabe bizi dira. Malnutrizio arazoak dituzte, eta gaixotzeko arriskua handia da irakiarren artean. Egoerari aurre egitea zaila bada ere, batez ere indarkeriak aurrera egiten uzten ez dielako, Irakeko Gobernuak, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteko herrialdeek eta GKEek gehiago egin dezaketela dio Oxfamek, giza laguntzaren bitartez sufrimendu asko saihets daitekeela uste baitu erakundeak. Bestalde, irakiarren oinarrizko beharrei erantzun gabe egoteak herrialdearen egoera ezegonkortasun handiagoan jartzen duela irizten dio erakundeak.
EDATEKO URIK ERE EZ. Txostenean jasotzen denez, irakiarren %70ek edateko ura falta dute. Okupazio indarrek Irak hartu aurretik, Sadam Husseinen erregimenean %50ek jasaten zuten ur eskasia. Halaber, %20k baino ez dute osasun publikoa erabiltzeko aukera. 2003tik irakiarren egoera larriagotu egin da, baita gizarteko sektore gazteenean ere: haurren %30ek malnutrizioa jasaten dute. Horrekin batera, irakiarren %15ek egunero otordu bat egiteko zailtasun handiak dituzte. Bestalde, gerrak eta, ondorioz, indarkeriak haurren irakaskuntzan ere eragiten dute, gehienak eskolara joateari utzi baitiote.
Txostena aurkeztearekin batera, Jeremy Hobbs Oxfameko zuzendariak hitz egin du. «Indarra hartuz doan giza hondamendia estali du Irakeko indarkeriak. Hala ere, haurren malnutrizioa ikaragarri handitu da, eta oinarrizko zerbitzuek, urteetan jasandako gerra eta zigorren ondorioz, ezin diete irakiarren beharrei aurre egin».Oxfam, Irakeko gainerako GKE gehienekin batera, Iraketik irten zen 2003an. Hala ere, ordutik behar gehien dutenei laguntzeko hainbat herri erakundek lanean jardun dute. Gehienek lana ondo egiteko nahikoa dirurik ez dute, ordea. Horren haritik, txostenak krisiari aurre egiteko aurkezten dituen konponbideen artean, herri erakunde horien lana errazteko hainbat proposamen daude. Besteak beste, Irakeko Gobernuak hauei indar eta ardura gehiago onartzea, baita baliabide gehiagoz hornitzea ere.
Nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeei ere dei egin die, giza laguntza emanez parte har dezaten, besteak beste dirua igorriz. Batez ere, okupazioarekin zerikusirik ez duten erakundeei egin die deia, laguntzeaz gain bestelako interesek baldintzatu ez dezaten haien parte-hartzea.
Lau milioitik gora
ohe huts IrakenIraken duten indarkeriak lau milioitik gora errefuxiatu eta desplazatu eragin ditu. Haiek jasotzen dituzten herrialdeak, ordea, jende oldeari aurre egin ezinean daude dagoeneko.i.z.
Israelgo Estatuaren sorrera aldarrikatu eta 1948an milaka palestinar beren etxetik indarrez egotzi zituen Israelek. Herri palestinarra bere lurretik atera zuten, eta inoizko biztanle mugimendu handiena eragin. 2003tik, AEBek Irak hartu zutenetik, irudi bera errepikatu da. Egunetik egunera handituz doan errefuxiatu eta desplazatuen kopurua, ordea, 1948ko hura baino are eta handiagoa da. Izan ere, lau milioitik gora irakiarrek utzi dute beren bizilekua ordutik, indarkeriatik ihesi.
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, lau milioitik gora dira Irakeko gerrak eragin dituen errefuxiatu eta desplazatuak. Ia bi milioi Irakeko mugen barruan mugitu dira. Batez ere, Kurdistanera egiten dute ihes, eremu baketsuagoetara. Baita xiitak gehiengoa diren hegoaldeko herrietara ere. Gainerakoak, beste bi milioi inguru, Jordaniara, Libanora, Egiptora eta, batez ere, Siriara joaten dira ihesi.
NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 50.000 irakiar aldatzen dira bizilekuz indarkeriagatik hilero. Gaur arte, Irakeko 1,2 milioi lagun Sirian daude errefuxiatuta. Herrialde hori da, hain zuzen, irakiar gehien jaso duena. Jordanian 750.000 errefuxiatu ingurudaude, eta Irakekin muga egiten duten gainontzeko herrialdeek ere milaka irakiarren etorrerari egin behar izan diote aurre. Halaber, handituz doazen errefuxiatu eta desplazatuen taldeek gero eta pisu politiko eta ekonomiko handiagoa eragiten dute herrialde hauetan guztietan.
Jordania da bereziki pisu horri aurre egin ezinean aurkitzen den bat, bere osasun, hezkuntza eta etxebizitza sistemen egiturei zuzenean eragiten baitiete. Uraren banaketa bera ere oso eskasa da Jordaniako irakiarrentzat. Horregatik, arazoa nazioartekotzeko eskatu dute errefuxiatuak jasotzen dituzten herrialdeek, eta irakiarren bizimodua hobetzen lagunduko duten zerbitzu eta proiektuak diruz laguntzeko eskatu dio Jordaniak nazioarteari. «Gure herrialdera etorritako 750.000 irakiarrek bete egin dituzte gure egiturak, baita indarkeria arriskua handitu ere», esan du Mujeimar Abu Jamus Jordaniako Barne Ministerioko idazkari nagusiak. Jordaniak 5,6 milioi biztanle eta baliabide urriak ditu.730 milioi euroko gastua eragiten dute irakiarrek bertan. 1991ko gerratik irakiar andana jaso badu ere, ikaragarri handitu da bertara iritsitako jende oldea 2006tik, eta, horregatik, segurtasun kontrolak eta egoitza lortzeko baldintzak gogortu egin ditu.
Sirian, Jordanian bezala, 1,2 milioi irakiarrek inflazioa handitzea, lurzoruaren prezioaren igotzea eta osasun eta hezkuntza zerbitzuen gaitasunak gutxitzea eragin ditu. Bertako populazioaren %14 Irakeko iheslariak dira. NBEren arabera, egunero 2.000 gehiago jasotzen ditu, eta iritsitako guztien artean 30.000 lagun bertan geratzen dira. Egoerari aurre egin ezinean, eskaera zuzena egin die AEBei: «Errefuxiatuei ateak irekitzen dizkieten herrialdeetako gobernuei babesa eskaintzea AEBei dagokie batez ere; izan ere, bera da okupazio indar nagusia, baita egoera hau eragin duen errudun nagusia ere».
AEB-EN LAGUNTZA ESKASA. Iazko irailean 7.000 irakiar jasoko zituztela esan zuten AEBek. Ordutik gaur arte, ordea, 133k baino ez dute lortu AEBek ezarritako segurtasun neurri zorrotzak gainditu eta bertan errefuxiatu izatea. Halaber, Mohamed Haji Hmud Irakeko Atzerri gaietarako ministrordeak 7.000 irakiar jasotzeko proposamena «sinbolikoa» baino ez dela esan du, ez baitu errefuxiatuen arazoa konpontzen. Joan den apirilean 18 milioi euroko diru laguntza emateko prest agertu zen Irakeko Gobernua. Hala ere, gaur arte ez du ziurtatu esandakoa bete ote duen. «Bagdaden ardura Irakeko egoera hobetzea da, bertan dauden pertsonak lagunduz. Hala egiten ez bada, gero eta jende gehiagok utziko du bere bizilekua».