Erresuma Batuko fiskal nagusiak 2003ko urtarrilaren 14an ohartarazi zion Tony Blairri Irakeko inbasioa legez kanpokoa zela. Hamasei egun geroago ohartarazpena berretsi zuen, baina lehen ministroak ez zion jaramonik egin, Peter Goldsmith fiskalaren aholkua «behin-behinekoa» zelakoan —gerra 2003ko martxoaren 20an hasi zen—. Hala onartu du Blairrek berak, Erresuma Batuak Irakeko gerran parte hartzeko erabakia aztertzen ari den batzordean. Irakeko gerragatik «barkamena eskatzeko politika» bertan behera utzi behar dela aldarrikatu du lehen ministro ohiak.
Ikusmin handia sortu du Blairrek batzordean egindako bigarren agerraldiak —lehenbizikoa iazko urtarrilean egin zuen—. Idatzi baten bidez lehenik, eta ondoren, zuzenean, ahoz, deklaratu du. Goldsmith fiskala Iraki eraso egitea legezkoa zen edo ez aztertzeko aholkularien taldeko kidea zen. NBE Nazio Batuen Erakundeko 1441 ebazpenak Iraki eraso egiteko nahikoa argudio ez zuela ematen uste zuen Goldsmithek. Blairrek, ordea, NBEk bigarren ebazpen bat onartzea ez zela beharrezkoa uste zuen, eta Goldsmithek iritzia aldatuko zuela pentsatu zuen. Hain zuzen ere, fiskalak jarrera aldatu zuen erasoa hasi baino egun batzuk lehenago, eta ontzat jo zuen 1441 ebazpena.
Goldsmithek iragan asteartean deklaratu zuen batzordean. Bertan adierazi zuen Blairrek inbasioaren legezkotasunari buruz hartu beharreko erabaki garrantzitsuenetan ez zuela kontuan hartu. Lehen ministro ohiak onartu du «gehiago» hartu behar zuela kontuan.
1441 ebazpenak armen kontrolerako neurri zorrotzak ezartzen zizkion Iraki, nazioarteko eragileek zaindu beharrekoak. AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak gerra hasteko legezko argudio gisa erabili zuten, herrialde gehienek ontzat jo ez arren.
Iran jomugan
Iraki buruz ez ezik, Irani buruz ere mintzatu da Blair. Teheran «loratzen ari den mehatxua» dela dio lehen ministro ohiak, eta Mendebaldeak ekintza militarrerako prest egon behar duela esan du. Laukotearen —AEB, Errusia, EB eta NBE— Ekialde Hurbilerako mandatari berezia da Blair gaur egun. Horregatik, Iranek eskualdean duen «eraginaz» jakitun dela dio. «Negatiboa da, egongaiztasuna nahi du, talde terroristak laguntzen ditu eta ahal duen guztia egiten du Ekialde Hurbileko bake prozesua galarazteko». Saddam Hussein Iranen aurka ekiteko sortu zuten «munstro kontrolaezina» izan zela aitortu du.
Horregatik, «zentro-ezkerreko ikuspegitik», Husseinen aurka jotzea legezkoa dela esan du Blairrek, «diktadura zapaltzailea» zelako. Iazko agerraldian egin bezala, gerraz ez dela damu berretsi du, baina Erresuma Batuko soldaduen eta Irakeko zibilen heriotza «sakonki» sentitzen duela zehaztu du.
Irakeko inbasioa legez kanpokoa zela ohartarazi ziotela onartu du Blairrek
Erresuma Batua gerrara eraman zuten arrazoiak aztertzen dituen batzordean deklaratu du lehen ministro ohiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu