Polizia iturrien arabera, gutxienez 50 pertsona hil eta 172 zauritu dira gaur goizean Bagdadeko hainbat auzo xiitatan izan diren leherketetan. Lehen informazioen arabera, bonba-autoak izan dira horietako gehienak eta errepide bazterretan lehertu dira. Bagdad hegoaldean, berriz, ekintzaile suizida batek bonba-kamioi bat lehertu du Polizia etxe batetik gertu.
Inork ez ditu oraingoz atentatuak bere gain hartu, baina bihar Irakeko inbasioaren hamargarren urteurrena beteko dela aintzat hartuta, litekeena da Al-Qaeda atzean egotea. Iraken duen adarrak, Irakeko Estatu Islamikoak, 2003an galdutako lurra berreskuratuko duela zin egin du. Azken urtean suniek hainbat atentatu egin dituzte Nuri Al-Maliki presidentearen gobernuaren aurkako tentsioa areagotzeko.
Irakeko inbasioa 2003ko martxoaren 20an hasi zuten hainbat herrialdek, AEBak eta Erresuma Batua buru zirela. Irakeko Gerraren hasiera izan zen. Irakek suntsipen handiko armak zituela argudiatu zuen George W. Bush AEBetako presidenteak, baina horiek ez ziren sekula agertu, eta izan zirenik ere ez zuten frogatu. Inbasioaren kontrakek diote helburu bakarra Saddam Hussein agintaritzatik kentzea zela, interes ekonomikoak eta politikoak zirela medio.
Inbasioa 2003ko maiatzaren 1ean amaitu zen, baina ez zuen horrek bakea ekarri. Geroztik, ezegonkortasuna izan da nagusi Iraken, eta atentatuek ez dute etenik izan.