Irakeko Legebiltzarra utzi du Al Irakijak

Bagdadeko gobernuaren krisirik larrienetakoa eragin du Alaui lehen ministro ohiaren alderdiaren erabakiak

Erredakzioa
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Gauzak gero eta gehiago nahasten ari dira Iraken, gobernuak izan duen krisi politikorik larrienetakoan sartu baita. AEBen tropek herrialdetik erretiratzeko aukeratu duten unearekin batera erabaki dute Ajad Alaui lehen ministro ohiaren alderdikoek legebiltzarra uztea, gobernuaren «alde bakarreko politikagatik». Al Irakija bloke laikoak irabazi zituen hauteskundeak, iazko martxoan, baina ez zuen lortu gobernua eratzea, eserleku nahikorik ez zuelako bereganatu, eta zortzi hilabete egon ziren Iraken gobernurik gabe. Orain, hutsune berera itzultzeko arriskuan dira.

Aurreko krisia alderdi nagusien artean ministerioak banatuta konpondu zuten. Orain, berriz, Alauiren alderdia ez dago gustura, Nuri al Malikiren gobernuak hautaz merezi duena baino botere askoz gehiago eskuratu duelako. «Irakijak baztertu egiten du gainerako alderdiei jaramonik egiten ez dien politika, justiziaren polarizazioa, boterearen jarduera absolutua eta legearen urraketa», esan du komunikatu batean.«Marjinazio politikoa amaitzen denean» itzuliko dira Al Irakijako diputatuak, erabakiak hartzeko eurekin hitz egiten duenean, ez lehenago. 325 diputatutatik 91 dira alderdi horretakoak.

Protestak

Erabaki horrek krisi larrian jarri du berriz ere gobernua, eta herritarren artean dagoen ezinegona larriagotzeko beste elementu bat izango da. Inguruko herrialdeetan bezala, Iraken ere, gero eta herritar gehiago hasi dira kalera ateratzen egoera salatzeko, eta haserretuen eskaerak bere egiten hasi dira.

Al Irakijaren ustez, «gobernuaren jarduerak bultzatzen du herritarra botere zentralaren burdinazko eskutik askatzeko nahia». Gobernuarentzat, berriz, AEBen tropak joan bezain pronto hartutako erabakiak «banaketaren sua piztuko du, eta oso larria izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.