IRAKEKO OKUPAZIO. Sunitekin akordioa lortu dute gobernua osatzeko

Gutxienez 130 pertsona hil dituzte ekintzaileek, ostegunaz geroztik

ERREDAKZIOA
2005eko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Irakeko lehen ministro Ibrahim Al Jaafarik akordioa lortu zuen atzo Indar Suniten Frontearekin, Al Jazeera telebistaren arabera. Abdel Mutlak Jabouri jeneral ohiari presidenteorde kargua eman diote, eta Ahmed al Rikan al Shamari jeneral ohiari, berriz, Defentsa Ministerioko buruzagitza. Horietaz gain, suniten esku geratu dira Kultura Ministerioa, Industria eta Meatzaritza Ministerioa, Giza Eskubideen Ministerioa, Emakumeen gaietarako Ministerioa eta Eskualdeko gaietarako Estatu Idazkaritza ere.

Era berean, segurtasun arrazoiak direla eta, preso dauden zenbait sunita askatzeko konpromisoa hartu zuen Al Jaafarik. Baath alderdiko kide ohiak administraziotik bidaltzeko askatasuna ematen duen legea berrikusiko zuela ere agindu zuen. Neurri horrekin, ekintzaileen erasoak murriztuko direla uste dute agintariek; izan ere, ekintzaile gehienak sunitak dira. Ekintzaileek, dena den, 130 pertsona hil dituzte joan den ostegunean Legebiltzarrak gobernua berretsi zuenetik. Horietatik 16 atzo bertan. Poliziaren iturrien arabera, bederatzi lagun hil eta beste hamabi zauritu ziren atzo Bagdaden, bonba-auto bat leherrarazi zutenean. Leherketa dendaz beteriko gune batean izan zen.Lehenago, beste leherketa bat izan zen hiriburuko Zaiona auzoan. Han hiru polizia hil eta beste zazpi zauritu zituzten. Horretaz gain, Barne Ministerioko elite indarretako buru Rashid Fleid hiltzen saiatu ziren atzo ekintzaileak. Erasoan hiru bizkartzain zauritu ziren.Mosulen, berriz, lau irakiar hil eta beste zazpi zuritu zituzten, bi bonba-auto lehertu zirenean. AEBetako konboi militar bat igarotzen ari zen unean zartarazi zituzten.

Atzerriko soldaduak

Azken egunotan hildakoen artean Ameriketako Estatu Batuetako 11 soldadu eta Erresuma Batuko bat daude. Orain arte, Erresuma Batuko 87 soldadu hil dira Iraken. Erasoak ugaritu egin direla ikusita, segurtasun neurri zorrotzagoak hartuko dituela iragarri zuen atzo Irakeko lehen ministroak. «Terroristak eta krimen antolatua geldiaraziko ditugu». Datorren urtearen erdian atzerriko soldaduak erretiratzen hasiko direla iragarri zuen atzo Irakeko Segurtasun Nazionalerako aholkulari Muafak al Rubaik. Bere ustez, egoera menderatzeko gai izango da laster.

Italiako zerbitzu sekretuetako kide Nicola Calipari soldadu estatubatuarren «esperientzia falta eta estresagatik» hil zela ondorioztatu dute bertako ikertzaileek Giuliana Sgrena kazetaria askatzeko unean hil zen. AEBen bertsioaren arabera, ez zen soldaduen errua izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.