IRAKEKO OKUPAZIOA. Blairren jokabidea, berriro auzitan

Iraki erasotzea legez kanpokotzat har zitekeela ohartarazi zion fiskal nagusiak gerra hasi aurretik

ERREDAKZIOA
2005eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Iraken aurkako erasoa hasi baino 13 egun lehenago, gerra legez kanpokotzat jo zitekeela ohartarazi zion Peter Goldsmith fiskal nagusiak Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroari. «Legezkotasuna bermatzeko modu egokiena indarra erabiltzea baimenduko duen beste ebazpen bat [NBEn] onartzea da». Beste aholku bat ere eman zion: «Irak NBEko ikuskatzaile taldearekin dituen konpromisoekin eta elkarlanarekin ez dela betetzen ari argi frogatzeko gai izan behar dugu». Baldintza horietako bakar bat bete gabe egin zuten erasoa Londresek eta Washingtonek.

Goldsmithek 2003ko martxoaren 7an eginiko gomendioen txostena sekretua zen atzo arte. Legelari eta oposizioko kide zenbaitek filtratu zioten herenegun The Guardian egunkariari, eta atzo publiko egin zuen Londresek. Fiskalak txostena Blairren esku utzi zuen egun berean, arma ikuskatzaile buru Hans Blixek adierazi zuen «aurrerapauso nabarmenak» egin zituela Irakek irismen handiko misilak suntsitzeko. Arma nuklear edo biologikoen arrastorik ez zutela aurkitu ere jakinarazi zuen. Hala ere, fiskalak oso bestelako iritzia eman zuen Legebiltzarraren aurrean hamar egun geroago. Irak desarmea urratzen ari zela «argi» zegoela erantzun zuen idatzizko adierazpen batean. Atzo, erasoaren legezkotasuna zalantzan jarri izana ukatu zuen. Blairrek argudiatu zuen, bestetik, NBEk beste ebazpen bat onartzea nahi zuela, baina, Frantziak betoa jartzeko asmoa zuenez, aukera hori baztertu zuela. «Goldsmithek auzia politikoa zela argi utzi zuen, beraz, kontua zera da: aurrera jarraitu behar genuen, beste ebazpen bat onartuko ez zela jakinda? Orduan pentsatu nuen, eta orain ere hala pentsatzen dut, herrialde honen eta munduaren segurtasunerako hobe zela Saddam Hussein agintetik kentzea».

«Gezurtia»

Alabaina, Goldsmithek berak martxoaren 7ko txostenean betoa jartzeko eskubidea aitortzen zion Parisi eta Londresi ohartarazten zion erasoaren helburuak ezin zuela erregimen aldaketa izan.

Oposizioak azalpenak eskatu dizkio lehen ministroari. Dena den, Westminsterrerako bozetarako astea eskas falta dela ostegunean dira, ez dirudi Iraken auziak laboristen garaipena arriskuan jarriko duenik. The Guardian-ek atzo zabaldutako inkesta baten arabera, herritarren %44k diote Blair «gezurtia» dela, baina inkestatuen %55ek uste dute lehen ministro izaten jarraitzeko karisma nahikoa baduela. Herenegun, bere burua defendatu behar izan zuen Blairrek BBC telebista katean. «Ez. Ez diot gezurrik esango jendeari. Ez dut gezurrik esan Irakeko gerrari buruz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.