George Bush Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen amesgaiztoa bete egin da. Lehen aldiz 1994. urtetik, Ordezkarien Ganberako gehiengoa lortu du Alderdi Demokratak, asteartean eginiko hauteskundeetan. Senatuaren kontrola eskuratzeko lehia ez da amaitu oraindik, eta litekeena da bi estatutan botoak berriz zenbatu behar izatea, demokraten eta errepublikanoen arteko aldea oso txikia delako. Senatua irabazi edo ez, Bushi agintean geratzen zaizkion bi urteak oso zailak izango zaizkio, demokratek bere egitasmoak blokeatzeko ahalmena izango dutelako, eta ikerketak abiatuko dituztelako, batez ere, Irak erasotzeko erabakiaren inguruan. AEBetan zein munduan, aro berri baten hasiera ikusi dute askok Bushen alderdiaren porrotean.
ZIGOR BOTOA. «Pentagonoan beste buruzagitza bat izateko garaia da», esan zuen atzo Bushek, Rumsfelden dimisioaren berri zabaltzeko eta hauteskundeen emaitzak aztertzeko emaniko prentsaurrekoan. «Onartzen dutamerikar askok boto eman zutela atzo [herenegun] adierazteko ez daudela pozik Iraken ez delako aurrera egiten ari», gaineratu zuen. Robert Gates CIAko buru ohiak hartuko du Rumsfelden lekukoa Defentsa Idazkaritzan, presidenteak atzo iragarri zuenez.
Izan ere, astearteko bozen hauteskunde kanpaina paraleloa Iraken egin da. Hainbat demokratak salatu dutenez, Saddam Hussein presidente ohiaren aurkako heriotza zigorra haserrea baretzeko erabili nahi izan du Gobernuak. Igandean, ordea, armadaren egunkarietako editorialetan gogor gaitzetsi zuten Rumsfeld, eta hau ordezkatzeko eskatu zuten, armadaren konfiantza ez zuela argudiatuta.
Emaitzak emaitza, AEBek Iraken dituzten tropak ez dituela erretiratuko esan zuen atzo Bushek: «Ezin dute itzuli eta bidea utzi, Irak terroristen babeslekua bilaka dadin».
Urria izan da hilabeterik odoltsuena AEBek Iraken dituzten tropentzat, eta estatubatuarrek ez diote irtenbiderik ikusten arazoari. Ondorioz, popularitatearen punturik baxuenean dago Bush. Harekin agertzeari uko egin zioten hainbat hautagai errepublikanok kanpainan, irabazteko aukerak murriztuko zitzaizkiela pentsatuz. Arrazoia zutela erakutsi dute bozen emaitzek.
«AMAIERAREN HASIERA». Demokraten garaipenak errekazio zurrunbiloa eragin zituen atzo Europan, Ekialde Hurbilean eta Asian. Europako Batasuneko talde sozialistako 200 kide baino gehiagok adierazpen bateratua sinatu zuten, emaitzak «munduarentzat sei urteko amesgaiztoa izan denaren amaieraren hasiera» direla esateko. Bushen porrota Iraken ordaina dela adierazi du Italiako lehen ministro Romano Prodik.
Kezka agertu du, edonola ere, Danimarkako lehen ministro kontserbadoreak, Andres Fogh Rasmussenek, eta Iraken zein Afganistanen inguruan ados jartzeko eskatu die Bushi eta Kongresuari: «Munduak AEB indartsua behar du». Espainiako Gobernuan zenean Iraken kontrako erasoa hasteko Bushi babesa eman zion PP alderdiaren aburuz, errepublikanoen porrota ez da izaninbasioarengatik, baizik eta «gerraondoaren kudeaketa txarrarengatik».
Alemaniak AEBei sostengua ematen jarraitzeko asmoa duela adierazi zuen atzo Berlingo Gobernuaren eledun Ulrich Wilhelmek. Bide beretik jo zuen Japoniako lehen ministro Shinzo Abek.
SENATUA ZINTZILIK. Virginia estatuan lehian den eserleku batek eman diezaieke gehiengoa demokratei Senatuan ere. George Allen senatari errepublikanoa eta Jim Webb hautagai demokratak boto gutxiko aldea dute. Emaitza ofiziala askoatzera daiteke, tartea 8.000 botokoa baino txikiagoa bada, galtzaileak botoak berriz zenbatzeko eska dezake. Kanpaina gogorra izan da Virginian. Alleni arrazakeria egotzi diote. Hautagai demokratak gerraren kontrako kanpaina egin du.
Montanako eserleku lehiatsua John Tester hautagai demokratarentzat izan da, azkenean.Ustelkeria susmoek kendu diote aulkia Conrad Burns senatari errepublikanoari. Jack Abramoff iruzurgilearekin zerikusirik ez duela adierazteko iragarkiak jarri behar izan ditu Burnsek kanpaina garaian. Testerrek 3.000 botoko tartea baino ez dio atera Burnsi.
Analisten arabera, Iraken aurkako erasora eraman zuten erabakien inguruko ikerketak abiatuko ditu demokraten kontrolpeko Ordezkarien Ganberak. Horrez gain, diruaren giltza izango dute demokratek, Ordezkarien Ganberan onartu behar baita dirua nora bideratu. «Ez dira guk nahi genituen emaitzak», onartu du Tony Snow Etxe Zuriko eledunak: «Presidenteak egitasmo bizia du datozen urteetarako eta bi alderdiak izango dira beharrezkoak». Bi ganberen kontrolarekin gobernatzen ohituta dago, ordea, Bushen administrazioa.
Gobernadore gehienak Alderdi Demokratakoak dira orain ere
Ameriketako Estatu Batuetako 50 estatuetako gobernadore postu gehienak demokraten esku daude, lehen aldiz azken 12 urteotan. Asteartean, 36 estatutako gobernadore postuak zeuden jokoan, eta horietako 20 irabazi zituzten demokratek. Bost estatu galdu ditu Alderdi Errepublikanoak: New York, Massachusetts, Colorado, Maryland eta Arkansas. Edonola ere, eutsi diote Floridan eta Tennesseen. Demokratek gobernadore postuak irabazi izanak garrantzia handia du 2008ko presidentetzarako bozei begira, gobernadoreek itzal handia dutelako hautagaiak erabakitzeko lehian, eta Etxe Zurirako lehiatzen direnentzat botoak bideratzeko orduan.Nancy Pelosi,
aldaketaren ahotsaAEBetako Ordezkarien Ganberako presidentetza lortu du Nancy Pelosi demokratak; ideia irmodun emakumea dela diote.arantxa iraolaAhots berria izango du Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberako presidentetzak. Emakume ahotsa izango da, historian lehenengo aldiz. Eta, demokrata: Irakeko gerraren aurkakoa, zelula amekin ikertzearen aldekoa, gizarte gaietan aurrerakoia, eta, oro har, Bushen politikarekin kritikoa. Nancy Pelosi da, urteotako politikari demokrata ezagunenetarikoa. Alderdiko ildorik aurrerakoienekin lotzen dute askok.
Kargu berriarekin, AEBetako pertsonarik boteretsuenetarikoa bihurtuko da. Politikaren alorrean behintzat. AEBetako egungo presidentea faltako balitz, kargua hartzen hurrena Dick Chenney presidenteordea litzateke, eta hurrena, Nancy Pelosi bera.
66 urte ditu. Emakume ezkondua da, eta bost-seme alabaren ama. Haiek hazi zituenean ekin zion buru-belarri karrera politikoari. Ondo ezagutzen dutenen arabera, ideia irmodun emakumea da, zurikerietan ez ibiltzen saiatzen dena. Irribarre egiten badaki, ordea. Prentsaren aurrean irudia ondo zaintzen du.
Senarra, Paul Pelosi, higiezinen alorrean negozio oparoak egindakoa da. Familiaren diru ondarea 25 milioi dolarrekoa dela pentsatzen da, eta ederki baliatu dute dirua ama-emaztearen karrera politikorako. Aurrekoak ere politikariak zituen Nancy Pelosik. Aita, Baltimoreko alkatea izan zuen. Anaia ere bai. Amak, emakumeen aldeko eskubideen alde jardun zuen. Neskatotan piztu zitzaion Nancy Pelosiri politikarekiko grina.
Pozik mintzatu zen atzo. «AEBetako herritarrek aldaketaren aldeko botoa eman dute». Aldaketak, Irakeko auzian, berandu baino lehen heldubehar duela nabarmendu zuen. George Bushi zuzendu zitzaion. Irmo. «Ezin dugu han orain arteko hondamendian aurrera jarraitu», esan zion. «Presidente jauna, beste norabide bat eman behar diogu».
John GaramendiKaliforniako gobernadoreordeaJohn Garamendi --euskal jatorria du-- izango da Kaliforniako gobernadoreordea. Tom MacClintock hautagai errepublikarrarekin lehia arrunt estua izan du Garamendik. Atzo, hautes barruti guztietako emaitzak zenbatu ostean, zenbaketak aurrera egin ahal zuen aldeari eutsi zion Garamendik; bozen %49,5 lortu zuen, eta Tom MacClintockek %44,9.
HauTaTuaKKeith EllisAEBetako Ordezkarien Ganberako kideaDuen fedeagatik nabarmenduko da Keith Ellis AEBetako Ordezkarien Ganbaran; lehen ordezkari musulmana izango da. Familia katoliko batean sortu zen, baina gaztetan fede musulmana hartu zuen. Abokatua da, eta ahots kritikoa izan da Irakeko gerraren kontra; tropak erretiratzeko eskatu zuen. Herritarren %3 musulmanak dira AEBetan. Urteotan jazarpena jasaten ari direla salatu dute askok.