Iraken 70 lagun inguru hil dira xiiten kontrako bost erasotan

AEBek herrialdetik alde egin dutenetik gora egin du xiiten eta suniten arteko tentsioak; hilabetean 180 lagun hil dira atentatuetanSunitek boikot egiten diete parlamentuari eta gobernuari, «bazterkeria» leporatuta

Jon Fernandez.
2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Ezegonkortasuna da nagusi Iraken AEBetako tropek herrialdea laga eta hiru astera. Atzo Bagdaden eta herrialdearen hegoaldean izandako bost atentatuek agerian utzi dute, beste behin, xiiten eta suniten arteko tentsioa goraka doala Washingtonen inbasioak Sadam Husseinen erregimena ezabatu eta bederatzi urtera. Katean egindako atentatuek, bestalde, Nuri al-Maliki xiitaren koalizio gobernuaren etengabeko krisi politikoa ere nabarmendu dute. Izan ere, eraso guztiak xiiten kontrakoak izan dira, eta, orotara, gutxienez 73 lagun hil dituzte leherketen bidez, zibilak denak. Erasoak gaitzetsi ditu NBE Nazio Batuen Erakundeak, eta batuta egoteko eskatu die irakiarrei.

Goizeko zazpiak inguruan motor batean ezkutatutako bonba bat eta arroila batean ezkutatutako beste bat lehertu dira Bagdadeko Sadr City auzoan. Hiriburuaren ekialdeko auzo pobre eta zabala da, eta gutxienez hamahiru lagun hil eta beste 37 zauritu ditu eztanda bikoitzak. «Eguneko soldatako langile talde bat zegoen bilduta, lana jasotzeko zain. Norbaitek motor txiki bat ekarri eta handik gertu utzi du. Minutu batzuk geroago lehertu egin da. Batzuk hil egin dira, beste batzuk zauritu, eta gertuko autoak sutan kiskali dira», azaldu du Poliziak. Gainera, inguruetan beste bi lehergailu indargabetu dituztela jakinarazi dute segurtasun indarrek. Bi ordu geroago, bi bonba-autok egin dute eztanda Bagdad ipar-mendebaldean, Kadhimiya auzoan, Iraken hiriburuko inguru xiitarik garrantzitsuenean. Gutxienez hamasei lagun hil eta beste 32 zauritu dira han.

«Oraindik goizegi da erasoen atzean nor dagoen jakiteko, ikerketako hainbat puntu argitzeko baitaude», adierazi du Qassim al-Musaui Bagdadeko poliziaburuak. «Gerran gaude terroristekin eta prozesu politikoaren kontra daudenekin. Beraz, bonbek ez gaituzte harrapatu ustekabean. Ohituta gaude». Nolanahi ere, boterean dauden xiiten kontrako mezu zuzena ekarri du erasoen kokapenak. Izan ere, bi auzoak xiitak izateaz gain, Sadr City Mehdiren Armada izeneko mugimendu xiitaren gotorlekua da. Muqtada al-Sadr elizgizonak sortutakoa da mugimendua, eta bere garaian Irakeko eta AEBetako tropen aurka borrokan aritu zena Al-Maliki lehen ministro xiitarendefendatzaile sutsua da orain.

Erasoak, ordea, ez dira izan hiriburuan bakarrik. Herrialdearen hegoaldean ere, Nasirijatik gertu, Al-Batha eremuan, 44 erromes xiita hil dituzte eraso suizida batean. Karbalako santutegi xiitara bidean hil dira erromesak, erasotzaileak soinean lehergailuz beteta zeukan gerrikoak eztanda eginda. Erromesei janaria eta edaria ematen dien harrera gune batean izan da erasoa. Arbain jaia ospatzera zihoazen erromesak, Mahomaren biloba Hussein imanaren heriotzagatik gordetako 40 eguneko doluaren amaiera ospatzera.

Komunitateen talka

Azken asteotan asko gaiztotu da egoera politikoa Iraken, eta bata bestearen atzetik egindako atentatuak ugaritu egin dira. Joan den abenduaren 5az geroztik, esaterako, 180 inguru lagun hil dira atentatuetan, gehienak xiitak. Bi komunitate erlijiosoen arteko talka gero eta nabarmenagoa da, eta 2006tik 2007ra izandako barne indarkeriaren mamua berpiztu da. Herritarren %65 inguru xiitak dira, eta %37 inguru, berriz, sunitak. Gutxiengo sunitaren parte zen Sadam Hussein, baina Washingtonek hura baztertu ostean, boteretik kanpo geratu dira sunitak, eta, hain zuzen ere, botere osoaz jabetzea leporatzen diote orain Al-Maliki gobernuburu xiitari.

Berez, bi komunitateetako kideek osatzen duten arren, Al-Iraqija alderdiaren bidez zabaldu dute euren kexua sunitek. Al-Maliki baazisten kontrako politika itsua egiten ari dela salatu dute azken hilabeteetan. Husseinen jarraitzaileek osatzen dute Baazz legez kanpoko alderdia. Gobernuak 600 lagun atxilotu ditu azkenaldian baazista izatea egotzita, eta gehienak sunitak dira.

Egoerak, gainera, txarrera egin zuen abenduaren 21ean, Irakeko Justiziak Tarek al-Hatxemi presidenteorde sunita atxilotzeko agindua eman zuenean. «Terrorismoarekin» zerikusia izatea eta «heriotzarako eskuadroiak» zuzentzea leporatzen diote. Justiziatik ihesi, Iraken menpeko Kurdistanen babestu da, kurduen autonomia erkidegoan sunitak baitira gehienak —arabiarrak izan ez arren—, eta estatuko segurtasun indarrek ez baitute eskumenik bertan sartzeko. Sunitek duten kargu gorena da presidenteordearena, eta euren kontrako erasotzat hartu dute. Al-Malikik, gainera, Hatxemi justiziaren esku lagatzeko eskatu die kurduei.

Gobernua, kolokan

Presidenteordea atxilotzeko agindua Al-Malikiren alderdiaren estrategia izan daitekeela uste du Etxe Zuriak. Sunitak boteretik baztertzea eta, azkenean, Iranen agintzen duen teokrazia xiitarekin lerratzea da asmoa, Washingtonen arabera.

Sunitak boteretik aldentzea, behintzat, lortzen ari da Al-Maliki. AEBetako azken soldaduek Irak utzi zuten egun berean, abenduaren 18an, aurrerantzean Parlamentuari boikot egitea erabaki zuen Al-Iraqijak —ganberako bigarren alderdiak—, Al-Malikik boterean kontrol erabatekoa duela salatzeko. Zortzi ministro sunitek ere ez dute gobernuko bileretan parte hartzen harrezkero. Al-Iraquija gobernuan sartzea ezinbestekotzat jo zuten 2010eko bozen ostean, suniten eta xiiten arteko borrokak saihesteko. Orain, ordea, kolokan da berriro gobernua.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.