Iraken 900 hildako aurkitu dituzte hobi komun batean. Oraindik ez dituzte gorpuak identifikatu, baina itxura guztien arabera Saddam Husseinen garaian hildako kurduak dira. Irakeko autoritateen arabera, Txanafija eskualdean aurkitu dute hobia, Bagdadetik 150 bat kilometrora. Hobitik atera ostean, Najafeko laborategira eraman dituzte gorpuak, identifika ditzaten.
«900 gorpuak hobian lurperaturik zeuden, eta ehunka kurdu direla esango nuke», adierazi du Dakhil Saihud Justizia eta Erantzukizunaren Batzordeko arduradunak. Batzorde hori «Saddam Husseinen erregimenak egindako krimenak» argitzeaz arduratzen da.
Apirilean ere aurkitu zuten hilotzez betetako hobi komun bat Iraken. 1.500 gorpu zeuden hobian, gehienak emakumeak eta haurrak. Ikerketen arabera, lurperatuta zeudenen bi herenak kurduak ziren, eta 80. hamarkadan hil zituzten, Abu Graib espetxean tapaki gehiago eskatzeko egindako protesta baten ostean.Otsailean, berriz, Abi Jamis inguruan aurkitu zuten hobi komun bat. Kasu hartan, ehun bat gorpu aurkitu zituzten. Poliziak adierazi zuenaren arabera, 2006 eta 2007 urteetan hil zituzten.
2003an AEB Amerikako Estatu Batuetako tropak Iraken sartu zirenetik, 260 hobi komun baino gehiago aurkitu dituzte. Guztira, Saddam Husseinen diktadurak iraun zuen urteetan 300.000 eta 1,3 milioi lagun bitartean desagertu zirela kalkulatzen dute adituek. Desagertutako gehienak kurduak eta beste gutxiengo etnia batzuetakoak dira. Asko hilik aurkitu dituzte, eta beste askok ihes egin zuten Iraketik.
Kurduen aurkako jazarpena
Estaturik gabeko nazioa da Kurdistan, beste hainbat bezala. Turkia, Iran, Siria eta Irakeko estatuen mende bizi dira, I. Mundu Gerraren ostean beren independentzia galdu zutenetik. 30 eta 40 miloi inguru dira guztira, eta horietatik %25 inguru bizi dira Iraken.
Kurduen egoera inoiz ez da erraza izan, baina Saddam Husseinen diktaduran ikaragarrizkoa izan zen jasan zuten jazarpena, 80. hamarkadan batez ere, Irak eta Iranen arteko gerran. Diktadoreak gogor egin zuen kurduen eta gutxiengo beste etnien aurka. Giza eskubideen alde diharduten erakundeen arabera, gutxienez 180.000 kurdu hil zituen erregimenak, eta orain, gutxika, agertzen ari dira erregimen hark hildako kurduen gorpuak, hobi komunetan.
1988an — Irak eta Iranen arteko gerran —, esate baterako, Saddam Husseinek Anfal kanpaina jarri zuen martxan. Gasezko bonba kimikoak jaurti zituzten diktadorearen aginduz Halabjan, Iraken iparraldean dagoen herri kurdu batean. Gutxienez 5.000 kurdu hil zituzten arma kimikoekin, eta ehunka herri suntsitu zituzten. Golfoko gerraren ostean, berriz, 1991n, diktadorearen erregimenak gogor zapaldu zuen kurduen altxamendua, eta milaka kurduk ihes egin behar izan zuten. Turkia eta Iranera egin zuten alde gehienek.
Estatu Batuen okupazioa
2003an sartu ziren AEB Amerikako Estatu Batuetako tropak Iraken, orduan AEBetako presidentea zen George W. Bushen aginduz, eta lortu zuten Saddam Husseinen erregimena suntsitu eta Irak okupatzea. Bushen arabera, diktadorearen erregimenak arrisku handiko armak zituen ezkutaturik. Horixe izan zen Bushek bere tropak Iraken sartzeko erabili zuen aitzakia. Gerora, ordea, jakin da aitzakiak besterik ez zirela izan ordukoak, Irakeko petrolio erreserbak kontrolatzea baitzen Bushen helburu nagusia. Barack Obama AEBetako presidenteak behin baino gehiagotan agindu zuen bere kanpainan tropak Iraketik aterako zituela. Eta atera ere egin ditu batzuk, baina ez denak oraindik. 2003az geroztik, 4.400 soldadu eta 100.000 zibil baino gehiago hil dira.
Aste honetan, 2003ko inbasioan museoetatik lapurtutako hainbat erlikia itzuli dizkiote AEBek Iraki. Dagoeneko, 1.200 objektu itzuli dituzte amerikarrek. Irakeko enbaxadorea pozik agertu da erlikien itzulera dela eta.
Iraken 900 kurduren gorpuak aurkitu dituzte hobi komun batean
Saddam Husseinen erregimenak 80. hamarkadan hildako kurduak direla uste dute adituek, identifikatu ez dituzten arrenAEBak herrialdean sartu zirenetik 260 hobi komun baino gehiago aurkitu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu