AEB-ak

Iraken inbasioa justifikatzeko erabilitako txostenak ikertzeko batzorde independentea eratuko dute AEBetan

AEBetako espioitza zerbitzuek osatutako txostenak erabili zituen Washingtongo Gobernuak Irakek suntsipen handiko armak zituela esateko, eta, ondorioz, herrialde horren inbasioa justifikatzeko. Orain arte, ordea, suntsipen handiko armen arrastorik ez dute topatu Iraken, eta, gainera, joan den astean David Kay AEBetako ikuskatzaileen buruak dimisioa aurkeztu zuen, eta adierazi zuen uste zuela Saddam Husseinen erregimenak ez zuela horrelako armarik. Ekaitz politiko handia piztu da AEBetan, eta George Bush presidenteak espioitza zerbitzuek egindako txostenen inguruko ikerketa batzorde independente bat eratzea onartu du.

2004ko otsailaren 2a
16:35
Entzun
Etxe Zuriko iturriek agertu dutenez, Bushek aste honetan emango du ustez Saddam Husseinek zituen suntsipen handiko armei buruzko informazioa ikertzeko batzordea eratzeko agindua.

Azken egunotan, oposizioko Alderdi Demokratak behin eta berriz eskatu du ikerketa batzorde hori eratzeko, baina gaur arte Bushek uko egin dio eskaera aintzat hartzeari. Azkenean, ordea, eta pizten ari zen zurrunbilo politikoa kontua hartuta, etsi egin du eta batzordea eratzeadeliberatu du. Besteak beste, datorren azaroan AEBetako presidentea aukeratzeko hauteskundeak egingo direlako, eta egunotako ekaitz politikoa kalterako izan dezakeelako. Ildo horretatik, AEBetako presidenteak eratuko duen batzordeak urtebeteko epea izango du gaia ikertzeko, eta, beraz, emaitzak ez dira azaroko hauteskundeak baino lehen jakingo.

Hasierako zirriborroaren arabera, bederatzi lagunek osatuko dute ikerketa batzordea eta Bushek berak aukeratuko du: batetik, atxikimendu politiko jakinik gabeko adituak egongo dira batzorde horretan, eta, bestetik, legebiltzarkide errepublikano zein demokratak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.