Bi entzule talderi bideratuta egin du Bushek mintzaldia Carlisleko (Pensylvania) Armadaren Gerra Eskolan: batetik, Irakeko egoerarekin gero eta kezkatuago dagoen AEBetako iritzi publikoari zuzenduta, eta, bestetik, Irakeko politikarekin aurrera segitzeko Washingtonek laguntza eskatzen dien estatuei bideratuta.
Funtsean, orain arteko ildo politiko berak defenditu ditu: hots, "Irak demokratikoa" lortzea dela Washingtonen xedea, eta horretarako beharrezkoak diren ahaleginak egingo dituztela.
Ildo horretan, bost urrats zehatz azaldu ditu, "Iraki askatasuna eta demokrazia" lortzen laguntzeko: boterea gobernu burujabe irakiar baten esku uztea; segurtasuna erdiestea; azpiegiturak berreraikitzea; nazioarteko babes handiagoa eskuratzea, eta, azkenik, hauteskunde libreak egitea. Nolanahi ere, urrats horietako bakoitza noiz eta nola gauzatuko den ez du gehiegi zehaztu. Eman duen zehaztapen bakanetako bat izan da NBEren Irakerako ordezkari Lajdar Brahimik aste honetan jakinaraziko duela nortzuk diren trantsizio gobernuko kide nagusiak. AEBetako tropak Iraketik ateratzeko epeei buruzko argitasunik, ordea, ez du eman.
Horrez gain, botereagobernu irakiar baten esku geratzen denean, Abu Graibeko espetxea botako dutela iragarri du Bushek. Izan ere, kartzela horretan gertatutako tortura kasuek guztiz zikindu dute AEBetako presidentearen irudi publikoa, eta nolabait konpondu nahi du.
Azken batean, Irakeko azken gertakariek —aipatutako tortura kasuek zein soldadu estatubatuarren kontra erresistentziak egiten dituen etengabeko erasoek—, Bushen politikari buruzko zalantza handiak piztu dituzte AEBetako herritarren artean. Udazkenean hauteskundeak dira, eta irudi arazo horri buelta eman nahian dabil presidentea.
Iraken okupazioa
Iraken orain arteko politikarekin segitzeko asmoa berretsi du Bushek
Irakeko egungo egoeraren azterketa egiteko eta etorkizuneko asmoak azaltzeko mintzaldia egin zuen atzo gauean ( bart goizaldea Euskal Herrian) George Bush AEBetako presidenteak. Funtsean, orain arteko ildo politiko berak defenditu ditu, eta okupazioa babestu du "Irak demokratikoa eraikitzeko". Torturen afera nolabait zuritze aldera, Abu Graibeko espetxea botako dutela iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu