Iraki irtenbide politikoa emateko eskatu diote demokratek Bushi

Etxe Zuriak demokraten onespena beharko duten hainbat aldaketa militar eta diplomatiko proposatu ditu

Kristina Berasain Tristan.
2007ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
«Gauza bat segurua da: misioa argia eta berariazkoa izatea bermatunahi dut eta helburua lortzeko gai izatea». George Bush AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak datorren astean iragartzekoa den estrategiaren inguruan eman zuen azalpen bakarra izan zen horixe. Estrategiak «irakiarrei euren xedeak eskuratzen» lagunduko diela adierazi zuen atzo eta hura iragarri aurretik «aholkuak» eskatu behar zituela: «Irak bere kabuz gobernatzeko, eusteko eta defendatzeko gai izango da». Washington prestatzen ari den estrategiaren inguruko xehetasunak filtratu dira prentsara eta hura ez ote den soldadu kopurua handitzera mugatuko galdetzen ari dira okupazioarekin kritikoak direnak.

Iraken 140.000 soldadu dituzte gaur egun AEBek. Datorren astean iragartzekoa den estrategian, prentsara filtratu denaren arabera, beste 15.000 eta 30.000 soldadu gehiago artean bidaliko dituzte. Erabakiak herritarren sostengua jasotzea, alta, zaila izango da; izan ere, gero eta ugariagoak dira okupazioaren kontrako ahotsak bertan eta kanpoan -presidentearen sostengu maila inoizko baxuena da: %30-.

Ordezkarien Ganberan eta Senatuan, gainera, gehiengoa dute demokratek lehen aldiz hamabi urtean eta aurtengo aurreneko saioan jada aldaketak eskatzen ari zaizkio Bushi. Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak eskutitz bat bidali zion atzo agintariari eta tropa gehiago bidaltzeko garaia jada pasa dela adierazi zion: «Iraketik tropak erretiratzen hastea beharrezkoa da; ez dugu uste soldadu gehiago bidaltzea arrakasta lortzen lagunduko duenik». Armadako buruzagi askok moduan irtenbide militarra ez dela aski izango iritzi diote demokratek: «Irtenbide politikoa baino ez dago». Irakera soldadu gehiago bidaltzeko asmoei, hartara, zaila izango da demokratek sostengua ematea.

Jacques Chirac Frantziako presidenteak, ildo horretan, okupazioak «terrorismoaren» hedapena eragin duela esan zuen: «Frantzia beldur zen eta susmatzen zuen moduan, gerrak oraindik erabat azaleratu ez diren ondorioak eragin ditu». Lehentasuna orain irakiarrei subiranotasuna itzultzea dela gaineratu zuen Chiracek: «Abentura honek komunitateen arteko zatiketak sustatu ditu eta herrialdearen osotasuna hautsi».

Bush abenduan «norabide berri bat» aurkitzeko beharraz mintzatu zen «luze iraungo duen gerra ideologikoa» hizpide hartuta. Aurreneko aldiz ez zirela gerra irabazten ari aitortu zuen orduan. Irakenjada hiru mila soldadu estatubatuar baino gehiago hil dira eta hogei mila baino gehiago zauritu. AEBetako armadak bataz beste ia mila erasoren jomuga da astean.



BUSHEN ALDAKETAK. Bushek, bere estrategiaren harira, hainbat aldaketa proposatu zituen atzo baina hauek aurrera ateratzeko demokraten sostengua beharko dute. Zalmai Khalilzad AEBek Iraken zuten enbaxadoreari kargu berria eskaini dio: NBEren enbaxadorea -John Boltonen lekua hartuko luke-. Ryan Crocker diplomatikoak ordezkatuko du karguan Khalilzad -Segurtasun Kontseilu Nazionaleko kidea zen orain arte Khalilzad-.

John Negropontek Condoleezza Rice Estatu idazkariaren bigarrena izateko proposamena herenegun egin zuen Bushek. Negroponte ordezkatu eta inteligentzia zerbitzuetako buru izateko izena, berriz, atzo jakinarazi zuen: Michael McConnel almiranteorde erretiratua.

Iraken, bestetik, zortzi pertsona hil ziren atzo gutxienez erasoen ondorioz. Bagdadeko Al Zafarania auzoko merkatuan egindako atentatuan lau zibil irakiar hil ziren. Bakuban, berriz, hiru soldadu irakiar hil ziren. Al Haritan, berriz, soldadu estatubatuar bat.



Mubarak: «Exekuzioa nazkagarria, kaotikoa eta onartezina izan zen»

Husseinen exekuzioaren kontrako ahots kritikoak gero eta ugariagoak dira mundu zabalean
k. berasain

Hosni Mubarak Egiptoko presidenteak hitz egin du ozenen eta argien orain arte. Saddam Husseinen exekuzioa «nazkagarria, kaotikoa eta onartezina» izan zela adierazi zuen atzo. Epaiketa bera nazioarteko legediaren kontrakoa izan zela salatu zuen agintariak: «Hussein martiribilakatu da guretzat».

Libian hiru eguneko dolu aldia ezarri dute eta presidente ohiaren oroimenez estatua bat eraikiko dutela jakinarazi zuen Gobernuak.

Aujara Saddam Husseinen jaioterrira dozenaka lagun joan dira egunotanharen gorpua gaubeilatzera. Irakeko presidente ohiaren exekuzioa gero eta ahots kritiko gehiago eragiten ari da mundu zabalean. George Bush presidentea bera ere haren exekuzioaz mintzatu zen herenegun, telefono bidezko bi orduko elkarrizketan, Nuri al Maliki Irakeko lehen ministroarekin. Epaiketa «justua» izan zela adierazi zuen presidenteak baina exekuzioaz bere kezkak ere agertu zituen: «Nahiko nukeen, noski, prozesua duinagoa izan balitz».



EUROPAKO KONTSEILUAREN DEIA.Europako Kontseiluak, bestetik, heriotza zigorra giza eskubideen kontrako neurria dela eta biharko iragarrita dauden exekuzioak bertan behera uzteko eskatu zion atzo Iraki. Barzan al Tikriti eta Auad al Bandar Husseinen gobernuko kideak bihar egunsentian exekutatuko zituztelaadierazi zuen lehen ministroaren aholkulari batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.