Mahmud Ahmadinejad presidenteak iragarri du Iranek uranioa %20ra aberasteko programak bertan behera utziko dituela, nazioarteak erregaia ematen badio. New Yorken, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusian parte hartu duelarik, Ahmadinejadek ziurtatu du ere Teheran prest dagoela nuklearren auziaz nazioarte seikotearekiko hizketaldiei berriz ekiteko.
«Munduko potentzia nuklearrek gure erreaktorearentzako erregaia ematen badigute, eta hau eskuetan dugunean, uranioa aberasteko prozesua gelditzea aztertuko dugu», adierazi zuen atzo Ahmadinejadek, kazetarien aurrean. Irango presidenteak ziurtatu du Teheranek ez duela baitezpada uranio aberastua ekoiztu beharrik, berez, zentral nuklearrak martxan jartzeko erregaia IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak eman behar bailioke. Ahmadinejaden esanetan, Iranek erregai hortaz hornitzeko eskaria egin zion IAEAri, «baina potentzia nuklearrek jokabide politiko batera makurtuzuten gure eskaera».
Teheranek bere programa nuklearreko atal batzuk IAEAren ikuskaritzatik saihestu nahi dituela uste dute Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak. Irani iazko urrian egin zioten proposamena izan zen haren eskuko duen uranioaren %70a Errusia eta Frantziari ematea, eta horiek trukean %20ra aberastutako uranioz hornituko zuten. Iranek eskaintza horri uko egin zion, bermeak «eskasak» zirela argudiatuz; eta Brasil eta Turkiaren babesarekin kontraproposamen bat egin zien, joan den maiatzean, potentzia nuklearrei. Horiek, baina, eskaintza horri muzin egin zioten.
Teheranerako bidea hartu aurretik, Ahmadinejadek adierazi zuen, halaber, Iran seikotearekiko negoziaketei ekiteko prest dagoela. Alemaniak, Erresuma Batuak, Errusiak, Ameriketako Estatu Batuek, Frantziak eta Txinak osatzen duten seikote horrekin hitz egiten berriz hasteko lehen urratsa urrian egin litekeela zehaztu du Irango presidenteak. «Gure aldetik, ateak irekiak daude begirunean oinarritutako hizketaldietarako», zehaztu zuen Ahmadinejadek.
Iran, nazioartearekin nuklearrez hitz egiteko prest
Potentzia nuklearrek uranio aberastua ematen badiote fabrikazioa geldituko dutela dio Teheranek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu