Iran uranioa aberasteko prozesua bizkortzen ari dela esan du IAEAk

Diplomaziaz haratagoko «beste neurri batzuk» hartzeko prest daude Washingtongo eta Tel Aviveko gobernuak

Erredakzioa
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak ohartarazi du Iranek bizkortu egin duela uranioa aberasteko erritmoa. Dagoeneko ia %20ra bitarte aberastutako 110 kilo uranio ditu Iranek, nazioarteko erakundearen arabera. Hilabetean hamalau kilo uranio aberasten du Teheranek; iraganean baino gehiago. Dena dela, %90etik gora aberastu behar da uranioa bonba atomikoa sortu ahal izateko. Uranio aberastuak erabilera zibila —zentral energetikoetarako erregai gisa— edo militarra izan dezake, eta Mendebaldeak xede militarretarako erabiltzea egozten diote Teherani; hark, baina, behin eta berriz ukatu du hori.

IAEArekiko negoziazioak hasteko prest agertu da Iran beste behin ere. Erakundeak, ordea, aurten Teheranekin ez dela gehiago bilduko aurreratu du. Izan ere, azken hilabetean bi aldiz joan dira IAEAko behatzaileak Iranera, eta programa nuklearraren gaineko zalantzak argitu barik bueltatu dira, zentral nuklearrak bisitatzeko ere aukerarik izan barik.

AEBek eta Israelek, berriz, Teheranen kontrako presioa sendotu nahi dute. Diplomaziaz haratagoko «beste neurri batzuk» hartzeko prest daudela jakinarazi dute bi gobernuek. Errusiak, berriz, Iran defendatu du. Vladimir Putin lehen ministroak zera leporatu dio Mendebaldeari: suntsipen handiko armen hedapenaren kontrako borrokaren aitzakiapean Irango erregimena erorarazteko nahia izatea.

Teheranek Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak, hain justu, gutun bat bidali dio Segurtasun Kontseiluari, Israelek Iranen kontra egindako ekintzak salatzeko. Ingeniari nuklearrak hil izana egozten dio Tel Avivi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.