Indar nuklearrari buruz Iranekin dagoen auziaz Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua jakinean ezartzea adostu badute ere egitura horretako bost kide iraunkorrek, ez dira iritzi bereko, ordea, zigor bideetan sartzeko aukerari dagokionez.
Kurt Volker AEBetako Estatu idazkariordeak adierazi zuen, atzo, NBEko Segurtasun Kontseiluan ados jartze baterako ahaleginak egin behar direla Iranen aurka gaztiguak halabeharrez ebazteko eta indarrean jartzeko. «Erabateko ados jartzerik ez badugu lortzen, baina, ez dut uste Europako Batasunak eta AEBek legezkotasun arazorik izango duten Teheranen aurka zigorrak bideratzeko», zehaztu zuen Volkerrek. NBEn Errusiako enbaxadore Andrei Denisov, ordea, ez zen jokaera honekin bat azaldu. «Segurtasun Kontseiluak Iranekiko auziaz argibide guztiak jaso ditzan bidezkotzat jotzen dugu; zigorrik hartzearen kontuaz, ostera, ez dugu ezer ebazterik oraingoz», adierazi zuen Errusiako diplomatikoak. Pekinen jarrerari dagokionez, aldiz, hauxe esan zuen NBEn enbaxadore Wang Guangyak: «Txinak ez du egokitzat jotzen zigorrak izan daitezen presio egiteko bide bat, zeren eta herritarrek baitituzte beti hauen ondorioak pairatzen».
Arma nuklearrari arbuioa
Anartean, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako gobernariek Iranekiko auzia Segurtasun Kontseilura eramatea ebaztetik biharamunean, igandean, Teheranek jakinarazi zuen egitura horrekiko elkarlana eteten zuela eta aurrez iragarri gabeko kontrolei uko egingo ziela.
Haatik, Iranek ez zeukalaarma nuklearraz jabetzeko asmorik berretsi zuen IAEAn Teherango gobernuaren ordezkari Ali Sasgar Soltaniek. «Khomeiniren ebazpenei jarraituz, Irango Errepublika Islamikoak zapuzten du arma nuklearra eta herriaren indarra dauka soilik oinarritzat», adierazi zuen, Austriako Die Presse egunkarian atzo argitaratutako elkarrizketan.
IRAN. Zigorren kontuaz iritzi ezberdineko dira Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu