«Mezu garrantzitsua da Irango azpiegitura nuklearrei eraso egitearekin mehatxu egin duten arerioentzat». Era horretara azaldu du Hosein Salami Irango aire armadako komandanteak Persiako Golkoan eta Ormuz Itsasartean «modu arrakastatsuan» eginiko saio militarren esanahia. Gobernu islamikoak bederatzi misilekin saioak egin zituen atzo, eta horien artean jaurtiki zuen 2.500 kilometroko helmena duen Shahab-3 motako misila, tona batekoburuaz hornitua dagoena. Ali Shirazi eledunak «estatu judua» eta Persiako Golkoko AEB Ameriketako Estatu Batuen itsas armada «erre» egingo dutela mehatxatu du, Irani eraso eginez gero.
Irango Guardia Iraultzailea astelehenean hasitaegiten ari den maniobretan burutu dute misilen saioa. Aurretik AEBetako, Erresuma Batuko eta Bahraingo itsas armadetako soldaduak izan ziren Ormuz Itsasartean eta Persiako Golkoan maniobrak egin zituztenak. Iranen aurka oldartzen badira, itsasarteko pasabidea itxiko duela ohartarazi du Teherango gobernuak. Balio handikoa da bidea, inondik ere. Iranen eta Omanen artean kokatuta dago, eta handik igarotzen dira egunero 16 eta 17 petrolio upel artean, mundu osoko biztanleen beharrizanen herena asetzera bideratuak.
Teheranek lehenago ere jaurtiki zuen Shahab-3 motako helmen handiko misila, baina oraingoa Israelekin eta AEBekin tentsio giroa areagotu denean egin du. Iranen ekimen nuklearra da gatazkaren iturburua. Hainbat hedabidek azaldu dute Iranen aurkako erasoa prestatzen aritu zirela Israelgo hegazkinak ekainean. Ildo berean, George Bush AEBetako presidenteak dio «aukera guztiak» zabalik daudela Teherani aurre egiteko. Arma nuklearra prestatzen ari den susmoa dute.
Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak tentsio giroa baretu nahi izan zuen astelehenean, Israeli eraso egiteko inongo asmorik ez duela esanez. AEBen eta Israelen balizko erasoaldi bati, era berean, «txantxa» iritzi dio Ahmadinejadek. Aitzitik, Guardia Iraultzaileko aire armadako komandanteak, Salamik, «arerioei akatsak ez egiteko» abisua eman die. «Gure misilak prest daude edozein lekutan eta edozein unetan jaurtitzeko, azkar eta zehaztasunez». Profeta handiena deituriko maniobretan helmen gutxiagoko misilak eta borrokarako gidaririk gabeko hegazkinak ere frogatu ditu Irango Gobernuak.
AEBek saio gehiago ez egiteko eskatu dio Gordon Johndroe Etxe Zuriko Segurtasun Kontseiluko eledunaren ahotan. «Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak urratzea da, eta erabat bateraezina Iranek munduan dituen betebeharrekin». Nazioartearen konfiantza lortu nahi badu, misilen saioak eten egin behar dituela dio. Condoleezza Rice estatu idazkariaren hitzetan, maniobra militarrek frogatzen dute misilen mehatxua ez dela irudipena. Europa ekialdean AEBek jarriko duten misilen ezkutua defendatu du, eta berdin egin du John McCain Etxe Zurirako Alderdi Errepublikanoaren hautagaiak. Barack Obama hautagai demokratak Iran «mehatxu handia» dela eta jarrera aldarazi behar diotela dio.
Iranek AEBei eta Israeli mehatxu egin die helmen handiko misilak jaurtikita
AEBek saio militarrak amaitzeko eskatu diote Teherani, eta NBEren ebazpenen kontrakoak direla salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu