Iranek eta 5+1 taldeak bilera egingo dute larunbatean, herrialdearen programa nuklearraren inguruan negoziazioak bideratzeko. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrek —AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak— eta Alemaniak iragarri dute bilera egiteko epea, eta Teheranek baieztatu. Batzarra hasi aurretik, 5+1 taldeak Qom hiritik gertu dagoen lur azpiko eraikin nuklearra ixteko eskatu dio Irani, baina hark «aurrebaldintzarik bete gabe» egin nahi du bilera. Irango Atzerri ministro Ali Akbar Salehiren esanetan, aurretik baldintzak ipintzeak esan nahi du Segurtasun Kontseiluak aldez aurretik ondorioak aurreratu dituela.
AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuko bozeramaile Jay Carneyk bilera «seriotasunez» hartzeko eskatu dio Irani, eta denbora ez dela «amaigabea» gogorarazi du: «Iranek bere programa nuklearra argitzeko duen azken aukera da. Aukera hori ixten ari da, eta, beraz, bilera serio hartu behar dute».
Duela hilabete, uranioa %20 aberasten hasi zen Iran, eta jada ehun kilo ekoitzi ditu. Arma nuklearrak egiteko, %90 aberastu beharko litzateke uranioa, eta,AEBen eta Israelen ustez, Iranek portzentaje hori lor dezake hilabete gutxi barru.
Zigorrak batak besteari
Europako Batasunak Irani ezarritako zigor ekonomikoak uztailean jarriko dituzte indarrean. Hala ere, Iranek dio «arazorik gabe» jasan ditzakeela zigorrak pare bat urtez, eta bere zigorrak martxan jarri ditu. Petrolio esportazioak eten ditu Espainiara eta Greziara, eta berdin egin dezake Italiarekin eta Alemaniarekin.
Iranek «aurrebaldintzarik gabe» egin nahi du bilera 5+1 taldearekin
Nazioarteko potentziek Qom hiriko eraikin nuklearra ixteko eskatu diote Teherani; bilkura larunbatean da egitekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu