Ekimen nuklearra indartzeko asmoz, herrialdeko zentral nuklear handienean beste 6.000 zentrifugagailu eraikiko ditu Iranek. Natanz indarretxeko baliabideak hirukoiztu egingo ditu, horrela uranioa aberasteko gaitasun handiagoa lortzeko. Iaztik 3.000 zentrifugagailu zeuden martxan. Mahmud Ahmadinejad presidenteak atzoko Irango Energia Atomikoaren Egunean eman zuen ekimenaren berri, eta luze gabe nazioartearen kritika zaparrada jasan zuen. Hark programa nuklearra baketsua dela dio, baina arma nuklearra egin nahi duela dio Mendebaldeak.
Datorren urteko udaberrirako 6.000 zentrifugagailuen egokitzapena amaitua izango dela diote adituek, eta hori gauzatuta nazioarteari estatu nuklearra dela agertuko diola Iranek. Ahmadinejaden hitzetan, teknologia nuklearra eta uranioa aberastea Iranen «legezko eskubidea da» eta ez dio bere eskubideei muzin egingo. «Iran estatu nuklearra bihurtzea da lehenengo pausoa herrialdea potentzia izateko ibilbide luzean». Gizartea alor guztietan garatzen laguntzeko, eta hazten ari den populazioaren energia beharrizanak betetzeko xedea duela arrazoitu du.
P1 izeneko zentrifugagailuekin batera P2 deritzen berriagoak jarriko dituzte Natanzeko indarretxean. Agintariaren esanetan, uranioa aberasteko bost aldiz ahalmen handiagoa dute horiek. Gizarteari batasunerako deia egin dio Ahmadinejadek: «Etsaiak teknologia berrietan murgil gaitezen eragozten saiatuko dira». Arlo guztietarako teknologia nuklearraren ontasunak zabaldu zituzten hedabideek atzo, eta eskoletan «energia nuklearra gure eskubidea da» moduko esapideak gorakatu zituzten.
Bestalde, Frantziak eta AEBek, gaitzetsi egin dute Iranen plana. Gregory Schulte AEBetako ordezkariak Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak jarritako betebeharrak «geroz eta gehiago urratzeko asmoa» duela onartu du. Bi urteotan hiru ebazpen atera ditu Segurtasun Kontseiluak Irani uranioa aberasteko programa etetera behartuz. Frantziako Atzerri ministro Bernard Kouchnerrek zigor gehiago iragarri ditu, ekimen nuklearra eteten ez badu. Erresuma Batuko Atzerri Ministerioaren ustez, «entzungor egin dio Iranek nazioartearen borondateari».
ERRUSIAREN LASAITASUN DEIA. Errusiak apurtu du Segurtasun Kontseiluko herrialdeen aburu batasuna, Sergei Lavrov Atzerri ministroaren bidez. Haren hitzetan, Iran «ez da batere mugitu» NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunetik. Hilaren 16an Shanghain bilduko dira seikoteko Atzerri ministroak-- Txina, AEBak, Erresuma Batua, Frantzia, Errusia eta Alemania--, Irango ekimen nuklearrari buruzko elkarrizketak berriz hasteko asmoz.
Bestalde, Irango Poliziak jakinarazi du astelehenean ustezko 18 droga trafikatzaile hil zituela, herrialdera sartzen saiatu zirenean izan zen tiroketan.
Iranek beste 6.000 zentrifugagailu jarriko ditu Natanzeko indarretxean, uranioa aberasteko
Iran potentzia bat izateko lehen urratsa estatu nuklearra bihurtzea dela esan du Ahmadinejadek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu