Iragan abenduan Genevan (Suitza) egin zuten auzi nuklearrari buruzko bilera Iranek eta potentzia nagusiek —AEB Ameriketako Estatu Batuak, Errusia, Txina, Erresuma Batua, Frantzia eta Alemania—. Akordiorik gabe bukatu zen, eta urtarrilean Istanbulen (Turkia) bertze bilera bat egitea adostu zuten. Istanbulgoa, baina, Genevakoaren bide beretik joan da, eta inolako akordiorik erdietsi gabe bukatu dute bi aldeek. Genevako bileran ez bezala, ordea, oraingoan ez dute elkarrizketekin segitzeko egunik ezarri.
Bi aldeek elkarri egotzi diote bileraren porrota. Potentziak ez daude prest Iranek ezarritako «baldintzak» onartzeko, Catherine Ashton EB Europako Batasuneko Atzerri Politikarako arduradunak haien izenean azaldu duenez. Dena den, elkarrizketekin jarraitzeko «ateak zabalik» dituzte Ashtonen arabera.
Israelen adibidea
Irango negoziatzaileen buru Said Jaliliren ustez, Teheranek energia nuklearra sortzeko duen eskubidea «errespetatu» behar dute potentziek. Elkarrizketekin segitzeko, NBE Nazio Batuen Erakundeak Irani ezarritako zigorrak eta potentzien «aurrebaldintzak» kendu beharko lirateke.
Jalilik erran du, gainera, NBEk Iran zigortu badu Israelekin gauza bera egin beharko lukeela. Izan ere, Tel Avivek ez du inoiz onartu potentzia nuklearra denik, baina 1980ko hamarkadan egindako filtrazio batek erakutsi zuen arma nuklearrak zituela eta horiek ekoizteko programa bat zuela.
Iranek eta potentziek akordiorik gabe bukatu dute nuklearren bilera
Energia nuklearra sortzeko eskubidea errespetatzea paratu du Teheranek hitz egiten jarraitzeko baldintzatzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu