Mundua/Nuklearrak

Iranek guztia prest du 50.000 zentrifugagailu nuklear ezartzeko

Hala iragarri du Energia Atomikorako Erakundeak, Gobernuak uranioa "maila industrialean" ekoizteko gai direla jakinarazi eta biharamunean. Iragarpen horien harira, Irango Gobernua nazioarteari «desafioka» ari zaiola eta horren aurkako neurriak hartuko dituztela ohartarazi dute AEBek.

2007ko apirilaren 10a
18:01
Entzun
Atzokoaren ondoren, beste aurrerapauso bat eman du gaur Iranek garapen nuklearra dela eta, NBE Nazio Batuen Erakundearekin duen ika-mikan: Natanzgo planta nuklearrean 50.000 zentrifugagailu abian jartzeko guztia prest duela agertu du, Gholam Reza Aghazade Irango Energia Atomikorako Erakundeko buruak eman du albistea.

Atzo, berriz, Iran uranioa "maila industrialean" aberasteko gai zela iragarri zuen Mahmud Ahmadinejaden presidenteak; hain justu, Energia Nuklearraren I. Egun Nazionala ospatzen zuten egunean. Ahmadinejaden iragarpenak alarma piztu du nazioarteko komunitatean, duela urtebete teknologia nuklearra garatzeari ekingo ziola iragarri zuenetik NBE Nazio Batuen Erakundearekin ika-mikan baitabil, eta Segurtasun Kontseiluak zigor oharrak ere egin baitizkio. Laster eta zorrotz etorri zen AEBen erantzuna: Irango Gobernua nazioarteko "desafioka" ari zaiola iritzi, eta horren aurkako neurriak hartuko dituztela ohartarazi zuen atzo.

Iranek konspirazioa egiteaz akusatu ditu Erresuma Batua, AEBak, Frantzia, Errusia eta Txina, hau da, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluko kide finkoak. Irango programa nuklearra pikutara bidali nahi dutela uste du, nahiz eta ez den aspertzen programa bakezalea dela esaten. «Irango etsaiak ez daude oso pozik Irango garapenarekin. Gure herria geldiarazteko antolatu dira, eta lortu dute Segurtasun Kontseilua Irango programa nuklearra geldiarazteko tresna bilakatzea, baina energia nuklearraz egingo dugun erabilera zibila izango da, ez militarra», esan zuen atzo Ahmadinejadek.

Paradoxa iruditzen zaio, gainera, garapen nuklearra gelditzeko gehien agintzen duten horiek berak direla energia hori gehien erabiltzen dutenak, eta argudio hori erabili du esateko erregai nuklearrak «humanitate osoari onura ekartzen» diola. «Hori horrela ez balitz Mendebaldeko herrialdeek ez lukete erabiliko». Hainbat herritako erregaiaren %80 nuklearra dela gogorarazi du.

Iragarritakoa bete da: Iran munduko ekoizle handienetakoa bilakatuko da, nazioarteko ikuskatzaileen arabera, eta desafio handia da nazioarteak jarri nahi dizkion zigorrei. Fars agentziak esan duenez, Iranek aurtengo maiatzerako uranioa aberasteko 3.000 gailu egiteko eta jartzeko asmoa dauka Natanz plantan. Hain zuzen, ekoizpen industrialari buruzko albistea gune horretatik eman zuen atzo. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren (IAEA) arabera, gune horrek 1.000 gailu dauzka gaur egun.

Segurtasun Kontseiluko 15 kideek agindu diotenari muzin egiten jarraitzen du Iranek. Joan den martxoaren 24an ebatzi zioten hainbat zigor jarriko zizkiotela programa nuklearra gelditzen ez bazuen 60 eguneko epean. IAEAk dituen zalantzak argitzeko ere eskatu diote. IAEAren arabera, Iranek esan behar du zertan datzan helburu bakezaleak dituen programak. Potentzia handiek uste dute Iranek programa zibila bonba atomikoa egiteko erabiliko duela, nahiz eta Iranek beti ezeztatu duen egitasmo hori.

Energia nuklearraren inguruan azaldutako jarrerak eta adierazpenek erakusten dute Iranek ez duela NBEk jarduera nuklearra bertan behera uzteko agindua betetzeko inolako asmorik. Horregatik AEBek uste dute «sekulako aukera galdu» duela Iranek, eta «penagarria» iruditzen zaie, «baina erabaki horren aurrean ez gara geldirik geratuko. Iranek nazioarteko komunitateari desafioa egiten ari zaiola erakutsi du beste behin», Sean McCormack Estatu Departamentuko eledunaren arabera.

Errusia izan da Segurtasun Kontseiluaren barruan Iran zigortzeko zalantza gehien izan dituen herrialdea, baina azken ebazpenarekin bat egin zuen, eta orain uste du Irango krisia espero zitekeen modu okerrenean garatzen ari dela. «Ahmadinejaden adierazpenek argi erakusten dute Iran ez dagoela prest nazioarteko komunitatearekin konpromisoak hartzeko», Konstantin Kosatxov diputatuak esan duenez. Errusiarentzat Iranek eskubidea du programa nuklearra garatzeko, baina Errusia eta beste hainbat herriren lehengaia erabili behar du horretarako. «Ezinbestekoa du esperientzia duten herrien laguntza».

Nazio Batuen Idazkari nagusi Ban Ki-Moonek ere hitz egin du. «Edozein herrirentzat oso garrantzitsua da Segurtasun Kontseiluak agindutakoa betetzea. Uste dut garrantzitsua dela une honetan Iran elkarrizketarako prest egotea. Esandakoa betetzen ez badu ondorio larriak izango ditu».

SEGURTASUN KONTSEILUAREN EBAZPENA. Aho batez onartu zuten Segurtasun Kontseiluko 15 kideek Iran ekonomikoki zigortzeko ebazpena, martxoaren 24an. Nazioartean herrialde harekin dagoen kezkari erantzuten dio ebazpenak, NBEk esandakoaren arabera. Negoziatzeko berriz ere eztabaidatzen hastea proposatu zuten, baina Iranek argi utzi du ez duela zer negoziatu. Ebazpena «legez kanpokoa, ezin zurituzkoa eta alferrikakoa» da Iranentzat.

Hauek dira zigorrak: armen esportazioa debekatzea, programa nuklearrarekin zerikusia duten 28 enpresari edota enpresabururi aktiboak izoztea, zigorra dutenek bidaiatzeko eskubidea galtzea, eta Irango Gobernuari diru laguntzak murriztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.