Iranek irismen handiko bi misil bota ditu entsegu militarrak amaitzeko

Hormuzko itsasartea ixteko itxura egin du armadak; mehatxurik ez dutela onartuko ohartarazi diote AEBek

Jon Fernandez.
2012ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Iranek hamar egunez erakutsi dio nazioarteari zenbaterainokoa den bere ahalmen militarra. Atzo amaitu zituen abenduaren 24az geroztik Hormuzko itsasartean egin dituen entsegu militarrak, eta irismen handiko bi misil jaurti ditu azken egunean: lurretik botatakoa bata —Argia izenekoa— eta itsasotik botatakoa bestea —Ahalmena izenekoa—. Biek ere ondo bete dute euren egitekoa, Irango armadaren arabera. «Irango adituek eraikitako misilek itsasartean aurreikusitako jomugak suntsitu dituzte», adierazi du Mahmud Musavik, armadaren entseguen bozeramaileak. Programa nuklearra dela-eta Washingtonen eta Teheranen artean tentsioa gorenean dagoenean egin du erakustaldi militarra Iranek, eta AEBei mezu zuzen bat bidali nahi izan die Mahmud Ahmadineyad Irango presidenteak irismen handiko misilekin. Israeli edota AEBek Ekialde Hurbilean dituzten base militarrei eraso egiteko gai dela erakutsi du.

«Aliatuen eta herrialde lagunetako hainbat behatzaile» izan dira entsegu militarretan, misilen jaurtiketak kontrolatzeko. Armadak, ordea, ez du argitu zein estatutakoak diren behatzaile horiek. Nolanahi ere, 5.500 kilometrora ailegatzen dira irismen handiko misilak, AEBetako Misilen Kontrako Defentsa Agentziaren arabera, eta Iranek egun hauetan erabili dituenak 200 kilometroko irismena baino ez dute. Kostako jomugak suntsitzeko gai dira misil horiek, eta baita gerraontziak txikitzeko ere. Alabaina, oraindik probarik egin ez arren, 2.400 kilometroko irismena duen Sajjil 2 misila prestatzen ari direla jakinarazi du Teheranek.

«Iranek egin dituen entsegu militarrak oso seinale txarra dira nazioartearentzat», Frantziako Atzerri Misterioaren arabera, eta misilekin Persiako Golkoan egindako probak gaitzetsi ditu. Bernard Valero Pariseko Atzerri Ministerioaren eledunak gogorarazi du NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren 1929 ebazpenak debekatu egiten diola Teherani karga nuklearra eraman dezaketen misilekin edozelako jarduerak egitea.

Bestalde, Hormuzko itsasartea blokeatzeko itxura ere egin du armadak maniobren azken egunean, entsegu gisa. Hain zuzen ere, itsasartea ixteko mehatxua egin zuen iragan astean Iranek, AEBek Irango Banku Zentralari ezarri dizkion zigor ekonomiko gogorrei erantzunez. Mundu osoan kontsumitzen den petrolioaren %40 igarotzen da itsasartetik, eta hura blokeatzeak kalte handiak eragingo lituzke. AEBetako V. Flotak —Bahrainen du base militarra— , ordea, ohartarazi dio ez duela itsasoko trafikoaren inolako blokeorik onartuko. Habibola Sayyari Irango armadako buruak, bestalde, ukatu egin du itsasartea blokeatzeko agindua dagoela. «Ez dago Hormuzko itsasartea ixteko inolako agindurik, baina prest gaude edozertarako».

Nuklearrak, arazoaren muina

Elkar berotzen eta elkarri desafio egiten ari dira Teheran eta Washington, bi oilarren pare, astetik astera egoera gehiago tenkatuz. Tentsioaren goraldiak, baina, programa nuklearrean du oinarria. 2010eko otsailean hasi zen eztabaida, Ahmadineyadek jakinarazi zuenean uranioa %3,5 aberastu beharrean %20 aberastuko zuela. Gutxi aberastutako uranioa Frantziara eta Errusiara eramatea eta han gehiago aberastea proposatu zion nazioarteak Teherani, baina hark ez zuen onartu. Eta, harrezkero, Irango programa nuklearra helburu zibilerako ez baizik eta bonba atomikoak sortzeko dela leporatu izan diote, batez ere AEBek, Europako Batasunak eta Israelek.

«Hauxe esango nieke irandarrei: ireki zuen instalazio nuklearrak, hasi desegiten edo utzi sartzen behatzaileei. Bestela, aire erasoen bidez eraitsiko ditugu». Rick Santorumek, zeina AEBetako presidentetzarako hautagai errepublikanoa izateko lehian dagoen, argi esan du primarioen bezperan: Etxe Zurira iritsiko balitz bonbardatu egingo lukeela Iranhark programa nuklearra bertan behera laga ezean.

Teheranek beti ukatu izan du arma atomikoak sortzen ari dela, eta energia nuklearra argindarra sortzeko erabiltzen duela esan du behin eta berriz. Iragan asteburuan, hain zuzen, Irango Energia Atomikoaren Erakundeak iragarri zuen bertan eraikitako uranio barra bat jarri dutela erreaktore nuklear batean. Orain arte 1.500 megawatt lortu ditu, eta, beraz, Iranek uranioa %20raino aberasteko ahalmena duela erakutsi du. Dena dela, %90eraino aberastu behar da uranioa arma atomikoak sortu ahal izateko. Gaur egun, munduan hamar herrialde inguruk baino ez dute aberasten uranioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.