Iran

Iranek salatu du eraso egin diotela bere planta nuklear bati

Uranioa aberasteko tresneria estreinatu eta egun batera jo dute Natanzeko plantaren aurka. Israelgo hedabide publikoek esan dute Tel Avivek aginduriko zibereraso bat izan dela.

Teknikari bat Natanzeko plantan, apirilaren 10ean. IRANGO PRESIDENTETZA / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko apirilaren 12a
08:29
Entzun

Teheranek salatu du «sabotaje bat» gertatu zela atzo Natanzeko planta nuklearrean. Larunbatean bertan, uranioa aberasteko zentrifugagailuak estreinatu zituen han Hassan Rouhani Irango presidenteak. Ali Akbar Salehi Irango egitasmo nuklearraren buruak esan duenez, «ekintza terrorista bat» izan da erasoa, baina ez du esan nor den erantzulea. Halere, Israelgo hedabide publikoek adierazia dute Tel Avivek agindu duela zibererasoa.

Ekintzak argindarrik gabe utzi zuen planta. Ez dute argitu zenbaterainoko kalteak eragin dituen erasoak.

Zentrifugagailuak erabiltzen dira uranioa aberasteko. Gai horrek bi erabilera ditu, zibila eta militarra. Izan ere, erregai gisa erabil daiteke zentral nuklearretan, edo lehergailu atomikoak sortzeko. Iranek beti esan du lehena duela helburu, eta ez duela bonba nuklearrik egiteko asmorik. Israelek ez du sinesten.

Handikiro estreinatu zituen Irango Gobernuak zentrifugagailuak. Telebistaz eman zuten zeremonia, zuzenean.

Lehen ere, ustez Israelek eginiko zibererasoen jomuga izan da Natanzeko planta. 2010. urtean, Iranek salatu zuen Stuxnet deituriko har informatikoa sartu zutela hango sisteman, eta horren ondorioz zentrifugagailuen %10 hondatu zituztela bi hilabetean, 1.000 inguru. Zenbaiten arabera, erasoak bi urtez atzeratu zuen Irango egitasmo nuklearra, baina eztabaida dago zenbaterainoko eragina izan zuen benetan.

Atzoko erasoan biktimarik edo isuririk ez dela gertatu esan du Irango Energia Nuklearraren Erakundeko eledun Behrouz Kamalvandik. Nazioarteari eta Nazioarteko Energia Atomikoaren Erakundeari eskatu die aurre egiteko «terrorismo nuklearrari», eta Iranek egileen kontra neurriak hartzeko eskubidea duela gaineratu du.

Zibererasoak, eraso fisikoak eta hilketak erabili dituzte Irango egitasmo nuklearraren aurka. Azaroan, Irango zientzialari nuklear nagusi Mohsen Fakhrizade tirokatu eta hil zuten, Teheranen. Nazioarteko begiraleen arabera, herrialdearen plan nuklearraren zuzendaria izan zen 2000ko hamarkadaren hasieran.
 

Irango egitasmo nuklearraren auzia

2003ko ekaina. Irani jarduera nuklearra ezkutatzea egotzi zion IAEAk.

2003ko abendua. Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunaren atal gehigarria sinatu zuen Iranek.

2004ko uztaila. Energia helburu zibiletarako erabili ahal izatea aldarrikatu zuen Iranek.

2004ko iraila. Uranioa ez aberasteko eskatu zion IAEAk.

2004ko urria. Iranek uranioa aberasteari utzi zion.

2005eko iraila. Uranioa eraldatzen hasi zen, berriz ere.

2006ko abendua. Iran zigortzea erabaki zuen Segurtasun Kontseiluak.

2007ko urtarrila. IAEAko 38 behatzaileri herrialdean sartzea debekatu zien Iranek.

2010eko otsaila. Mahmoud Ahmadinejad Irango presidenteak uranioa %20 aberasteko agindu zuen.

2010eko iraila. IAEAk ohartarazi zuen Iranek bi edo hiru bonba nuklear egiteko adina uranio aberastu daukala.

2010eko azaroa. Mayid Xahriari fisikaria hil zuten, autoan jarritako lehergailu baten bidez.

2011ko uztaila. Darioush Rezaeinejad zientzialari nuklearra hil zuten tiroz.

2011ko azaroa. IAEAren txostenean, nabarmendu zuten Iran arma nuklearrak egiten ari zela. Teheranek ukatu egin zuen.

2011ko azaroa. Barack Obama AEBetako presidenteak adierazi zuen ez zuela baztertzen Iranen aurkako biderik.

2012ko urtarrila. Mustafa Ahmadik zientzialari nuklearra hil zuten atentatu batean.

2012ko urtarrila. EBk petrolio bahimendua ezarri zion Irani. Massoud Ali Mohammad fisikaria hil zuten, bonbaz.

2012ko otsaila. IAEAk azken behatzaileen misioaren porrota onartu zuen.

2012ko maiatza. Amanok Iranekin akordioa lortu zuela jakinarazi zuen.

2015eko apirila. Itunaren aurreakordioa sinatu zuten Iranek, AEBek, Txinak, Errusiak, Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak.

2018ko maiatza. Donald Trump AEBetako presidenteak Irango itun nuklearra uzteko erabakia iragarri zuen.

2020ko azaroa. Mohsen Fakhrizade herrialdearen plan nuklearraren zuzendari izandakoa hil zuten eraso batean, Teherandik gertu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.