Iranek Siriako gatazkan eragiteko duen gaitasuna aitortu du NBEk

Gaur hasiko da Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren goi bilera, Teheranen

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Gaur eta bihar elkartuko dira, Teheranen, NAM Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduko 120 estatuburu eta gobernuburuak, erakundearen hamaseigarren goi bileran. Estatu kideez gain, nazioarteko hainbat gonbidatu ere han izango dira, Ban Ki-moon horien artean. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia atzo iritsi zen Irango hiriburura, eta herrialdeko agintari nagusiekin bildu zen: Ali Lariyani parlamentuko presidentearekin, Mahmud Ahmadinejad Irango presidentearekin, estatuburu Ali Khamenei aiatolarekin eta Said Jalili gai nuklearretarako negoziazioburuarekin.

AEBek eta Israelek gogor kritikatu dute Ban Teherango bilerara joan izana. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak «gizateriarentzat lotsagarritzat» jo zuen atzo bertan NAMen goi bilera. Baina NBEko idazkari nagusiak nazioarteko gai gatazkatsuenez berba egiteko «aukera» aprobetxatu nahi izan du: Siriaren egoeraz eta Irango programa nuklearraz, besteak beste. Alde abtetik, Banek aitortu du Iranek «rol garrantzitsua» jokatzen duela eskualdean, «bereziki Siriako auziari dagokionez», eta Sirian arma gehiago ez sartzeko eskatu die NAMeko estatu guztiei; bestetik, eskari zuzena egin dio Teherani: programa nukelarrak helburu baketsuak dituela erakusteko pauso argigarriak emateko.

Iranen bake proposamena

Teheranek aurreratu du NAMen goi bileran Iranek Siriarako bake proposamena egingo duela eta proposamena Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari bereziaren sei puntuko bake planean oinarrituko dela. Besteak beste, nazioarteko esku hartzerik ez egitea eta gobernuaren eta oposizioaren arteko negoziazio politikoa jasoko ditu proposamenak. Izan ere, pentsaera kontrajarriko herrialdeak daude NAMen —Iran, esaterako, Siriaren aliatua da; Saudi Arabia eta Qatar, berriz, oposizioa diruz laguntzen ari dira—, eta guztiak onartzeko moduko testua aurkeztu nahi du Teheranek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.