Eguerdian Press TV Irango telebista kate ofizialak esan du Iranek Herbehereak, Espainia, Italia, Frantzia, Grezia eta Portugali petrolioaren hornidura moztu diela, NBE Nazio Batuen Erakundeak hari jarritako zigorrak direla eta, baina ondoren Iranek berak ukatu egin du erabaki hori hartu duela.
NBEk arma nuklearrak eraikitzen aritzea egozten dio Teherani, eta Bruselak duela aste batzuk erabaki zuen uztailaren 1etik aurrera Irani gehiago ez erostea petrolioa.
Irango Gobernuak gaur berretsi du prest dagoela "5+1 taldearekin programa nuklearraren inguruan berriro negoziatzeko". Hala jakinarazio dio Catherine Ashton Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako ordezkariari.
Iran bera duela bi aste prest azaldu zen NBEko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrekin —AEBekin, Erresuma Batuarekin, Errusiarekin, Frantziarekin eta Txinarekin— eta Alemaniarekin programa nuklearrari buruzko negoziazioei berrekiteko.
IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako behatzaileek hiru eguneko bisita bukatu eta biharamunean agertu zuen negoziaziorako prestutasuna Teheranek.