Iranek uko egin dio uranioa aberasteko atzerrira ateratzeari

IAEAk aurkeztutako proiektua onartu ez duela-eta zigorrak jaso ditzakeela ohartarazi du Errusiak

Erredakzioa
2009ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Irango Gobernuak uko egin diooraingoz herrialdearen jabe dagon uranio kopurua atzerrira joaten uzteari, han aberastuta izateko gisan. Teheranek berretsi du bere ikerketa zentralarentzat beharrezkoa duen uranio aberastu hori nahiago duela atzerrian erosi. Erabaki horrekin, Errepublika Islamikoak arbuiatu egin du IAEA Energia Atomikoaren Nazioarte Agentziak, joan den urrian, aurkeztu zion akordio proiektua. Horri oniritzia eman zioten, aldiz, Ameriketako Estatu Batuek, Errusiak eta Frantziak.

«Ez zaigu egokia ezta bidezkoa iruditzen ere gure uranio kopurua atzerrira bidaltzea, trukean erregai nuklearrak jasotzearren; ez dugu horrelakorik onartzen, gure uranio hori aldi batean edo zatika bidalita ere», adierazi zuen atzo Irango Legebiltzarreko Atzerri gaietarako batzordeburu Alaeddin Borujerdik. «Orainokoan, arazo honi konponbide bat aurkitzeko ahaleginetan ari gara». Hossein Naghavi Hosseini diputatu kontserbadoreak ere ildo beretik jo zuen, hau esanez: «Berez, ez ginen truke egitearen aurka [uranioa atzerriaren esku jartzea, handik erregai aberastua jasotzearen ordainez], baina negoziazioetan ez gaituzte konfiantza egiteaz konbentzitu; gauzak horrela, Errepublika Islamikoak proposatutakoari ezezkoa ematea erabaki du».

Errusiako presidentea, kexu

Teheranek IAEAren eskaintzari behin-behinean emaniko erantzun honek kexa piztu du Iranekin, auzi nuklearra konpontzearren, baita hitz egitea beti hobetsi duen Errusiaren aldetik ere. Hala, Alemaniako Der Spiegel astekariari emaniko elkarrizketan, Errusiako presidente Dmitri Medvedevek ez du baztertu Iranen jarrerak nazioarte komunitearen zigor gehiago eragitea.

«Ez nuke nahi auzi hau bukatzea nazioarteko komunitateak Iranen kontra zigor gehiago ebatzita, horrelako jokabideek egoera korapilatzen eta are arriskuago jartzen baitute», azaldu du Medvedevek, eta gehitu: «Haatik, aurreratzerik ez bada gertatzen, zigorrak ezingo dira saihestu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.