Iranekin berriz ere hitz egiten hastea onartu du 5+1 Taldeak

NBEko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrek eta Alemaniak adierazi dute bilerak «lehenbailehen» hasi behar dituztelaObamak esan du auzia diplomazia bidez konpontzeko aukera badagoela oraindik

2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Iranen gerra hotsak geroz eta ozenago entzuten direla, bide diplomatikoari beste aukera bat ematea onartu du 5+1 Taldeak. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrek —AEB, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina— eta Alemaniak onartu egin dute Iranek egindako negoziaziorako eskaintza. Taldearen ordezkari Catherine Ashtonek azaldu du«luzera begirako irtenbide negoziatua» lortu nahi dutela, «nazioarteak Irango programa nuklearraren erabilera baketsuen inguruan konfiantza berreskura dezan». Mahaiaren bueltan «lehenbailehen» esertzeko eskatu du Ashtonek.

Otsailaren 14an eskutitz bat igorri zion Irango negoziazioburu Said Jalilik Ashtoni. Hilabete batzuk lehenago nazioarteak eskatu zuen bezala, negoziazioetara itzultzeko prest agertu zen orduan Iran. Teheranen jarrerak, baina, errezeloa sortu du nazioartean; izan ere, negoziatzeko prest dagoela esan arren, ez du bere jardun nuklearra gelditzeko keinurik egin. Hainbat herrialdek, AEBek eta EBk besteak beste, zigorrak onartu dituzte, baina horrek ere ez du lortu Teheran geldiaraztea. Horiek hala, negoziaziatzen segitzea erabaki dute. «Haren programa nuklearrak nazioartean sortzen dituen kezkak argitzeko prest agertzeari ondo deritzot», esan du Ashtonek. Izan ere, urtebete baino gehiago daramate elkarrizketek etenda. Iazko urtarrilean bildu zen 5+1 Taldea azken aldiz Iranekin Turkiako Istanbul hirian, eta akordiorik gabe amaitu zen bilera. Ordutik tentsioak gora egin du nabarmen, eta Teheranen programa nuklearraren helburu militarren inguruko susmoak ere areagotu egin dira.

Horretaz gain, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako behatzaileei Partxingo base militarrean sartzeko aukeraz hitz egin du Irango Gobernuak. Herenegun basea ikuskatzen uzteko eskaera egin zion Yukiya Amano erakundeko zuzendariak Teherani, «oso arduratuta» zegoela argudiatuta. Bi aldiz egon dira IAEAko behatzaileak aurten Iranen, baina ukatu egin diete Partxinen sartzea. Agentziak uste du base horretan euste gela bat eraiki dutela eta bertan lehergailu nuklearrekin probak egiten dituztela. «Partxin base militar bat da, eta bertan sartzeko denbora behar da. Horrexegatik ezin dira bisitak behin eta berriz onartu», azaldu du Iranek Austrian duen ordezkaritzak. 2005ean, IAEAko behatzaileak base horretan bi aldiz egon zirela gogorarazi du.

Errusiak gogo onez hartu du sei aldeko elkarrizketak berriz ere hasteko eskaintza, eta Sergei Riabkov Atzerri ministrordeak esan du ahal bezain lasterhasi behar dutela negoziatzen. Iranek IAEAri bere jarduera nuklearra ikertzen uzten badio eta akordio bat lortzen badute nazioarteak zigorrak ken diezazkiola ere esan dio Moskuk Teherani. Gainontzeko herrialdeei hori eskatzeko konpromisoa hartu du Errusiak. Programa nuklearraren inguruko kezka bere egin du Moskuk ere, baina Iranekin aurrerantzean ere harreman onak izango dituela nabarmendu du Riabkovek.

Txinak, berriz, berretsi du Iranek arma nuklearrak izatearen aurka dagoela. Dena den, Iranek «helburu baketsuekin» programa nuklearra garatzeko eskubidea duela defendatu du. Teheranek, hain justu, bere programa nuklearraren helburuak baketsuak eta zibilak direla dio.

Eraso militarraren itzala

Barack Obama AEBetako presidenteak urteko lehen prentsaurrekoa eman zuen atzo, eta esan zuen oraindik aukera badagoela Irango auzia diplomazia bidez konpontzeko. Bai Iranerako eta baita Siriarako ere bide militarra baztertu du; ez dela jolasa nabarmendu du. «Eraso militar bat planteatzen dugun bakoitzean prezio bat ordaindu behar dugu. Batzuetan beharrezkoa da, baina ez da pentsatu gabe hartuko dugun erabakia».

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, berriz, esan du Irango programa nuklearra geldiarazteko denbora amaitzen ari dela. «Israelek itxaron du diplomazia eraginkorra izan zedin, itxaron dugu zigorrek emaitzak eman zitzaten. Gutako inork ezin du gehiago itxaron». Tel Aviv eraso prebentibo bat egitea aztertzen ari da, eta Obamak Israel «beti» babestuko duela esan badu ere egoera baretzen ahalegindu da. Leon Panetta AEBetako idazkariak, dena den, Teherani ohartarazi dio ez dutela eraso militarra guztiz baztertzen. «Aukera militarra azkena da, baina ez engainatu, beste guztiak huts egiten badu, erantzun egingo dugu. Gure herria, gure aliatuak eta gure interesak defendatzeko, edozer egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.